9ª Viñeta - Elegir estudios(1)

Ikasketak hautatzea erabaki garrantzitsua da, aukerarik egokiena hartzeko aukera guztiak ondo aztertu behar dira. Hala ere, ulergarria da zalantzak sortzea; aukeratutako ikasketek norberaren etorkizuna baldintzatu dezakete nolabait (etorkizun profesionala, lagun berriak, bizitokia aldatu,…), honek guztiak gure aukeran eragin kaltegarria izan dezake.

Erabakiak hartzeko orduan eragile praktikoek ez dituzte emozionalak baztertu behar, hona hemen harira datozen bi esaldi, bata Andrew Matthews egilearena: “Gustuko duzuna egin ezazu. Maite duzuna egin. Zure gaitasunak onartu. Asebetetzea nork bere dohainak garatzean lortzen den emaitza da”. Walt Disneyrena dugu bestea: “Galdeiozu zeure buruari ea zure gaurko jardunak hurbiltzen zaituen bihar egon nahi duzun lekura”.

Ikasketak aukeratu ahal izateko kontuan hartu beharreko alderdiak pertsonalak dira, egiazko aukerak eta lanbide-irteera gisa oinarri hartuta:

  1. Gustua eta motibazioa dira lehenengo “iragazkia”: zenbaitek lanbide jakin batekiko identifikazio handia sentitzen du, hortaz, berehala aukeratzen du zer egin; beste batzuek, ordea, hainbat galderari erantzun behar diete, hala nola: nola irudikatzen dut nire etorkizuna? Zein da benetan atsegin dudan lan mota?,…
  2. Nork bere gaitasunak eta indarrak ezagutu; gainontzekoek zer uste duten baino berezko ezagutza da garrantzitsua. Lanbidearekin lotuko gaituzten ezaugarri pertsonalak antzematea beharrezkoa da hein batean.
  3. Errealista izan eta norberarekin zerikusirik ez duten ikasketak egiten ez tematu; horretarako, prestakuntza eskaintza zein profiletara bideratuta dagoen jakiteko informazioa bildu.
  4. Estereotipoak eta “zer esango duten” alde batera utzirik askatasunez erabaki. Betebeharrak alaitasunez jasan ahal izatea izango da aukera egokia hartu dugun seinale. Erneguka ez ibiltzea eta ondo pasatzea, horiexek unibertsitate garaian gailendu beharreko ezaugarriak.
  5. Beste eragileetako bat ikasketa zentroen arteko baliabide eta hornidura konparaketa izan daiteke: praktikak, bekak, irakaskuntzaren kalitatea, azpiegiturak, erabilitako metodologia (teorikoa edo praktikoagoa), eta abar.
  6. Hautua zehaztu ondoren irakasten diren materiak ondo ezagutzea komeni da. Era honetan, asmatu ez izanaren desengainua saihestuko dugu, eta, ondorioz, itxaropenak bete ahal izango dira.
  7. Honako hauek aztertu eta horretarako eskura ditugun baliabide pertsonalak kontuan hartu: ikastetxearen kokapena, kostua, ordutegiak, iraupena…
  8. Titulazio bakoitzaren enplegu eskaintza baloratu: zeintzuk diren eskaintzen dituen lanbide-irteerak eta zein den lanbide-egonkortasuna lortzeko profilaren batez besteko denbora.
  9. Lanbide-irteera zabalagoa duten ikasketak, enpresek dituzten beharrak edota joeren jakinaren gainean egon.
  10. Bilaketa mugatutakoan, lekua bera bisitatzea lagungarria izango da erabakiak hartzeko orduan.

Ingurukoek lagundu arren azken erabakia ikasketak egingo dituenarena izango da. Halaber, ondo asmatu dueneko erantzukizuna ere berea izango da, jakina.

Beharbada hartutako erabakia okerra izan daiteke, eta, hilabete batzuen buruan hartutako ikasketak egokiak ez direla konturatu. Honek ez du zertan porrota ekarri, ikasturtea probetxuzko beste zerbaitetan eman eta bigarren aukerari tokia egiteko unea da, oraingoan egokia izango delakoan, ezbairik gabe.

GazteBizHitza atariak badu prozesu honetan laguntzeko aholkularitza eta orientazio zerbitzua.

Etorkizunerako bidaia zoriontsua izan!