bineta6

Plaza ateratzea! Ametsa? Zure helburua?Administrazio publikoan lan egiteak oposizio publikoko hautaketa-prozesua gainditzea dakar.

Aukera hau gogoan baduzu zeharo garrantzitsua da oposaketa ondo aukeratzea. Ezinbestekoa, zinez, bizi osorako lana izan daiteke eta. Administrazioan lanpostua izateak ziurtasuna erraztuko dizu lan arloan, askoren nahia, bai horixe! … baina zure gustukoa eta zeurea izatea ere beharrezkoa da,… lanera egunero joateak ilusiorako bidea eman beharko dizu. Plaza lortzeko aukerari ere errepara iezaiozu: beharrezkoak diren prestakuntza eta eskakizunak al dituzu? “Gogor ikasteko” moduan al zaude?

Oposaketa baterako ikastea pentsatzen ari denak plaza lortzea du helburu. “Saiatzera” joateko ustea ez da arrakastatsua izaten. Oposaketetan parte hartzeko izena ematen dutenen erdia ez da gero probetara aurkezten. Eta, aurkeztutakoen artean % 50ek ez du nahikoa ikasi… guztira zortzirenak baino ez dio buru-belarri ekin.

Non nahi zenuke zeure burua ikusi?

Argi baldin baduzu ondo antola zaitez: nolako prestaketa-prozesua, halako emaitza; gaiak prestatu beharko dituzu, ikasteko txokoa atondu… zure plangintza eta aurrerapena antolatzen lagunduko dizun zerbait bilatu, hala nola, kortxozko taularen bat.

Oposaketak taldean prestatzea goranzko joera da. Taldeak ez du zure lana egingo, baina taldean ikasteak baditu bere abantailak, esaterako: lagunartekotasuna, elkarren arteko estimulazioa, zuzenketa, zalantzak argitu ahal izatea…; eta, zergatik ez, gastuak ere banatzea.

Kontu praktiko hauetaz guztiez gain, oposaketa prestatu nahi duenak motibazioari eutsi beharko dio. Beste edozein erronka nagusi baten aurrean dagoenaren pare izango da, dela lana, dela kirola, erronka pertsonala, eta abar.

Motibazioa da, dudarik gabe, gure helburua aurrera eramatera bultzatzen gaituena, oztopoak gaindituz. Zure helburuan pentsatu, zure burua lan berriaren aurrean zorion-agurra jasotzen irudikatu, edo udaletxean mahaia lehen aldiz erabiltzen…

Motibazioak lagunduko dizu aukeratutako bidean mantentzen. Helburua lortzea da zure xedea!

Bada, txanpon bereko bi aldeak: irmotasuna eta motibazioa, aliatu apartak.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera.