bineta5

Ikasketak bukatu dituzu, lan-mundura jauzi egiteko prest zaude…, edo, akaso ez? Beharbada komeni zaizu profila osatzen lagunduko dizun prestakuntza aberasgarriren bat jasotzea, onuragarria izango zaizu. Prestakuntza osagarriak, normalean, ez du horrenbesteko arduraldirik eskatzen; hortaz, bitartean lana bilatzeko aukera izango duzu eta lanerako trantsizioan denborari probetxu atera ahalko diozu.

Ez dira gutxi lanpostua “aparteko” prestakuntza horri esker lortu izan dutenak… curriculum vitae-n ezinbestekoa zen “Prestakuntza Osagarria” atala pisu handiko aukera da orain.

Prestakuntza osagarriak gai, eremu eta mota ugari hartzen ditu barne, baina guztiek honako hau dute komunean: zure profila osatzeko ezagutzak zein gaitasun erabilgarriak eskaintzen dituzte, baita egunerokotasunean moldatzeko ere. Kontua ez da aldez aurretik daukaguna gutxiestea, merkatu zorrotz eta dinamikoaren barnean aukera berriak izateko gaitasunak eranstea baizik.

Batzuetan, ordea, formakuntzari buruzko kezka pertsonalak dira horretara bultzatzen gaituztenak eta ez hainbeste egindako ikasketa nagusien haritik, “gustuz” gure intereseko gairen batean sakontzea atsegingarria izaten baita.

Pertsona ugarik, behin ikasketak amaituta, aisialdiko heziketa lortzeko ikastaroak egiten ditu: beste batzuek, aldiz, hizkuntzaren bat ikastea erabakitzen du, eta noski, beste hainbatek gaitasun teknologikoen alde egiten du (bulegotika, webguneak sortzeko ikastaroak…) Lehen esan bezala aukera asko daude, eta norberaren egoerak (langabezian, lanean…) zehaztuko du zein den aproposena, edota gure lan-egitasmo edo proiektu pertsonalaren arabera batera edo bestera joko dugu.

Azpimarratzekoa da enplegurako prestakuntza dagoen eskaintza zabala. Gure prestakuntza hobetzeko zein gure profilari beste norabide bat emateko aukera eskura dugu, horretara bideratutako eta prestatutako zentro eta baliabideei esker: horren adibide argia dira Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide), bere zentro laguntzaileak eta Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa (Hobetuz).

Laburbilduz, noizean behin geratzea eta gure beharrak zeintzuk diren nahiz aurrera eramateko aukerak aztertzea garrantzitsua da. Informazio egokia izatea aurrea hartzeko modu bikaina da. Eta, gogoan izan… ikasteko orduan inoiz ez da berandu.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera.