Boiseko jaialdia aitzakiatzat hartuta jende askok aprobetxatu du Estatu Batuetara egindako bidaia inguruko leku desberdinak bisitatu eta ezagutzeko. Hori da, hain zuzen, Bidatz Maguregi lekeitiarraren eta Andoni Malaxetxebarria berriatuarraren kasua.

Garai batean unibertsitateko ikaskide izandakoak, bidaiatzeko gogoak elkartu ditu oraingoan. Ohiko bidaiatzeko modutik aldenduta CouchSurfing-a baliatuz dabiltza batetik bestera: “CouchSurfing-ean jendeak bere etxeko sofa uzten dizu dohainik lo egiteko zure istorioa kontatzearen truk. Guk oraingoz zorte handia izan dugu eta etxe guztietan logela bat utzi digute guretzat. Gainera, jaten eman digute, lekuak erakutsi dizkigute… Oso jende jatorra topatu dugu bidean eta esperientzia ikaragarria izaten ari da” kontatu du Maguregik.

IMG-20150801-WA0017

Bidatz eta Andoni

Uztailaren 25ean ekin zioten abenturari Seattlen, 6 egun beranduago Boisera iristeko nahiarekin. Malaxetxebarria aurretik Estatu Batuetan zenez bakarrik egin behar izan zuen Maguregik joaneko bidaia. “Seattlen lo egin behar genuen etxeko familiarekin geratuta geunden baina ezagutzen ez nituenez esan zidan haietako batek txapel zuri batekin itxarongo ninduela. Hara iritsitakoan txapel zuria zuen pertsonarengana joan, beldur pixka batekin nire burua aurkeztu eta aurrera. Dena primeran joan zen”.

Seattle-tik 45 minutura dagoen Covington herrian zuen etxea familiak eta 380 zaldiko kotxean eraman zituzten. Haiekin egondako 2 egunetan jasotako tratuarekin oso gustura geratu ziren, izan ere, lotarako lekua uzteaz aparte, Rainie mendira eraman zituzten eta Seattlen bertan ere gida lanak egin zizkieten. Trukean, Maguregik eta Malaxetxebarriak euskaldunen eta Euskal Herriaren izatean berri eman zieten: “ Jakinmin handia zuten euskaldunean gainean. Futbolaren bitartez Athletic eta Reala ezagutzen zituzten baina ez zekiten zehazki zer zen Euskal Herria. Gure egoera politikoaren gainean ere apenas zekiten zerbait eta dena azalduta harrituta geratzen ziren gauza batzuekin. Halaber, galdetu ziguten ea euskara eta gaztelania antzekoak diren. Familia harentzat gu espezialak ginen, gure hizkuntza izanda, indepentzia nahi izanda eta kultura propioa edukita, eta oso gustora entzuten zuten guk kontaturiko guztia” azaldu du Malaxetxebarriak.

Bidatz eta Andoni

Bidatz eta Andoni

Boisen bertan egin zuten bigarren geldialdia autobusean 12 ordu igaro ostean, baina artean Jaialdia hasteke egonik, buelta txiki bat eman, kotxe bat alokatu eta Yellowstonera – parke nazionala – abiatu ziren. Bidaia luzea zenez, geldialdia egin zuten bide erdian gaua pasatzeko, gau ederra Maguregiren iritziz: “Sekulako etxe puska zen, jacuzzia eta guzti zuen eta gauen bertan harturiko bainua ez dut ahaztuko”. Goizean esnatutakoan Yellowstonea iritsi eta goiko partea ikusi eta gero, lotarako lekua bilatzeko garai iritsi zitzaien. “Sekulako zortea izan genuen, izan ere, arratsaldeko 19:30etan iritsi ginen han zegoen kanping-nera eta leku bakarra geratzen zen kar, kar, kar” kontatu du Malaxetxebarriak. Hurrengo egunean parkearen beheko zatia ikusi zuten eta aho zabalik geratu ziren lekuaren edertasunarekin, ondokoa da Maguregiren deskribapena: “Dena zuhaitzez betea dago, sakanak eta ur-jauziak topa daitezke, eta, baita, animaliak – oreinak, bufaloak…- ere”.

Bidatz eta Andoni

Bidatz eta Andoni

Segidan, kotxea hartu eta Grand Teton parkerantz joan ziren. Handik Wyoming-o Jackson herrira egin zuten jauzi, eta, ondoren, restop batean lo eginda eta gero, Boisera. “Jackson oesteko pelikuletako herri bat bezalakoa da, oso leku polita eta berezia, asko gustatu zitzaigun” dio Maguregik.

Bidatz eta Andoni

Bidatz eta Andoni

Behin Boisera iritsi eta Jaialdian murgilduta testuingurua erabat aldatu zen Estatu Batuetan egonagatik, izan ere, euskal jaia izaki, euskal giroa topatu zuten hango kaleetan eta hori da, hain zuzen, Malaxetxebarriak nabarmendu duena : “Jende asko zebilen eta  Basque Blocka erabat beteta zegoen. Euskal giroa zen nagusi eta gustura ibili ginen. Dantzan egin genuen, baita kantuan ere eta gauen noski, parrandatxoa”.

Bidatz eta Andoni

Bidatz eta Andoni

Jaialdia amaitu eta beroni agur esanda, berriro maletak hartu eta aurrera jarraitzeko unea iritsi zitzaien Maguregi eta Malaxetxeberriari, oraindik leku mordoa ikusteke izanik: Las Vegas, Secuela Park (California), Yosemite, San Francisco eta Los Angeles, besteak beste.

Egun eta leku horietan jarraituko duten eskema ordura arte jarraitutakoan berbera, leku batzuk lotuta izanda gainerakoa inprobisatzea, alegia. Ondo hasitakoak hala jarraituko duelakoan ekin diote berriro haien bideari: “Horrela bidaiatzen dugun lehen aldia da eta momentuz ez dugu arazorik izan. Hoteletan egon izan bagina, ikusi ditugun hainbat leku ez genituen ikusiko, bertako jendearen bizimodua ez genukeen ezagutuko eta ingelera ere gutxiago erabiliko genukeen” kontatu du Malaxetxebarriak. “Horrelako bidaia batek txipa aldatzen dizu eta gauzak beste era batera ikusten dira. Nik aurretik ez dakit ezezagun bat sartuko nukeen nire etxean baina orain agian bai. Bidaia hasi aurretik banuen beldur pixka bat  baina jada lasaitu naiz eta gozatzen jarraitzea besterik ez dut buruan” gehitu du Maguregik.

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen