Basque Block-a lehertzear egongo zela zioten Boisetarrek, eta sinetsi ezin bagenuen ere milaka pertsona kale txiki hartan sar litezkeenik atzo izan genuen hori frogatzeko aukera. Boisera bidaia Estatu Batuetako beste hainbat toki bisitatzeko aprobetxatu zuten guztiak San Inazio eguna ospatzeko iritsi ziren Idahoko hiriburura.

Horrela bada, milaka pertsona batu ziren eta aurreko eguneko kaleaz gain ondokoa ere itxi zuten atzokoan. Jendetzarekin batera heldu zen beroa ere Boisera eta termometroek 37ºC markatzen zituzten arratsaldeko seietan.

Basque Block

Basque Block

Beste egunetan ez bezala, giroa goizean goiz hasi zen nabaritzen, eta eguerdi parterako lagun ugari ikus zitezkeen tabernaz taberna triki eta panderoaren soinua jarraituz. Beroa ez zen oztopo bat izan dantza gogoz jaiki zirenentzat, kalean gora eta behera ibili baitziren etengabe. Goizeko poteoaren ondoren bazkaltzeko ordua iritsi zen, eta ordura arte kalean ibilitako jendeak tabernetan hartu zuen leku. Tripa ondo bete, kafetxoa hartu eta berriro ere martxan.

Arratsaldean pala eta eskupilota partidak ikusteko ordua iritsi zen. Izan ere, atzo NABO (North American Basque Organizations) txapelketaren finalak jokatu baitziren. Nahiz frontoia txikia izan, Euskal Etxean jarritako pantailetan partidak zuzenean jarraitzeko aukera zegoen. Jende ugari bildu zen bertan, partidak ikusi nahian batzuk eta kaleko bero kiskalgarritik ihesi besteak.

IMG_20150731_172838671

Euskal Etxea pala partiduak

Behin eguzkiak gogor jotzeari utzi zionean kalea berriz ere jendez bete zen. San Inazio egun  honetan, ordea, dantzaz baino gehiago kantuaz gozatzeko aukera izan zuten Basque Block-era hurbildu zirenek. Bada, dantzariak Festara ekitaldian izan ziren. Zorigaitzez, ordea, jende asko gelditu zen sarrerarik gabe. Dena den, hemen jaia ez da inoiz gelditzen eta penaz bada ere, kaleak alaitzen zituzten musikariekin batera igaro zituen jendeak arratsaldeko azken orduak euskal kantuen doinupean. Hala nola, Txoriak Txori, Gure esku dago, Lau teilatu eta Eperrak.

IMG_20150731_200216237

Taberna Ibiltaria

Gauean ere ez zen mugimendurik falta izan eta bai tabernetan eta baita Basque Block-ean ere giro aparta egon zen goizeko ordu-bietan etxera bueltatzeko ordua iritsi zen arte.

Gaurkoan berriz, Expo Idaho izango da, Jaialdiko ekitaldi entzutetsuenetariko bat, hain zuzen. Bertan dantzak, kirolak eta euskal produktuak saltzen dituzten postuak egongo dira, besteak beste. Gaua gerturatzean ostera, Amuma Says No eta The Crazy Wheels Band-en kontzertuak egongo dira.

 

IMG_20150731_203846887

Basque Block

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen