Anne Marie jatorri euskalduneko familia duen San Franziskoarra da. Berez, hezkuntza bereziko zentro batean laguntzaile moduan lan egiten duen arren, duela 2 urte pasatxo HellaBasque izeneko bloga abian jarri zuen, Estatu Batuetan euskal kultura bizitzeko duten moduaren berri eman asmoz. Pixkanaka hedatuz joan da eta egun, jarraitzaile mordoa ditu sare sozialetan.

Atzo ospatu zen Expo Idahon egin genuen hitzordua berarekin. Euskaraz ez dakienez eta gaztelaniaz moldatzen ez denez, ingeleraz burutu genuen elkarrizketa. Aurrez aurrekoan oso neska alaia, jatorra eta adeitsua da eta hitz jario dotorea du.

 

Anne Marie

Anne Marie

Estatu Batuetan bizi zareten beste gazte asko bezala jatorri euskalduneko familia baten kide zara ezta?

Bai, nire aita da Euskal Herriarekin konexioa duena. Bere familia iparraldeko herri txiki batekoa da, Garazikoa. Ni askotan joaten naiz bisitan izeba-osabak ditudalako bertan, eta dagoeneko 7 aldiz egonda nago.

Kazetaria ez izanagatik HellaBasque izeneko blog bat daukazu. Nola hasi zinen honekin?

HellaBasque bloga duela 2 urte hasi nuen, eta hasieran dibertitzeko era bat baino ez zen. Beti izan dut blog batean idazteko nahia, baina ez nekien zeri buruz. Azkenean, euskaldunei buruz asko nekienez, eta euskal kultura maitatzen dudanez, idazteko gai ona izan zitekeela otu zitzaidan.

Zein asmorekin hasi zenuen bloga?

Nahiz eta soilik ingeleraz idazten dudan, uste dut Euskal Herriko jendearentzat handik kanpo euskal kultura nola bizi den eta euskal jaiak nola ospatzen diren jakitea interesgarria izan daitekeela.

Jende askok jarraitzen al du?

Egia esan ez dakit zenbat jendek irakurtzean duen nire bloga. Badakit hasieran nire amak eta hurbileko lagunek soilik irakurtzen zutela, baina gaur egun euskal komunitateko jende askok irakurtzen du. Adibidez, Facebook-eko orrialdean 1500 gustoko dut ditut eta 100 baino ez dira nire ezagunenak. Dena den, ez diot kasu handirik egiten horri. Izan ere, urduri jartzen nau jarraitzaile edo irakurle kopuruan pentsatzeak

Nondik dator blogaren izena?

San Franciscon asko erabiltzen da hella hitza, eta honek asko edo oso esan nahi du. Beraz, pentsatu nuen dibertigarria izango zela kutsu euskaldun eta amerikarra batzea HellaBasque (oso euskaldun) esapidearen bidez.

Zeri buruz idazten duzu?

Batik bat iritzi artikuluak idazten ditut. Normalean Jaialdia bezalako ekitaldiez idazten dut, hala nola, kontzertuak, euskal jai ezberdinak… Zer egin dudan, zer jan dudan, norekin egon naizen… Beste batzuetan, ordea, lagunekin izandako elkarrizketetatik interesgarri iruditu zaizkidan gaien inguruan aritzen naiz.

Badago Jaialdia bezalako beste ekitaldirik Estatu Batuetan?

Jaialdia benetan ikaragarria da, baina badaude euskal kulturarekin erlazioa duten beste jai batzuk ere, normalean udaran izaten direnak. Adibidez, ni Kalifornian, Nevadan eta Idahon egonda nago, eta etorkizunean gehiago bisitatzea ere espero dut.

Expo Idaho, Boiseko Jaialdia

Expo Idaho, Boiseko Jaialdia

Eta egondakoetatik, zein da gehien gustatu zaizuna?

Asko izan ditut oso gustuko, baina egia da bereziki dantzarako aukera ematen duten ekitaldiak ditudala gogoko, esaterako, orain bizitzen gauden hau. Bada, Boise beti dago dantza giroan murgildua, Amuma Says No erromeri taldea dute bertan eta hori zoragarria da. Halaber, Elko ere gustatzen zait, bertan jende oso atsegina biltzen baita, batez ere gaztea, eta asko dantzatzen da.

Bestalde, Kalifornian Bakersfield eta Chino ditugu eta niretzat gustukoenak dira jende gazte asko erakartzen dutelako eta nire lagunak ere bertaratzen direlako.

Euskal Herriko zein tokitan egonda zaude?

Iparraldez gain, Bilbo, Donosti eta Gasteiz bezalako hiriburuak bisitatzeko aukera izan dut. baina, egia esateko familiarekin pasatzen dut denbora gehien Euskal Herrian.

Ikaragarri gustatzen zait Iparralde. Oso lasaia eta isila da eta gainera ingurua benetan polita da. Hala ere, hegoaldera egindako bisitekin ere gozatu dut. Izan ere, hiriburuak beti dira zoragarriak.

Nola moldatzen zara hizkuntzarekin?

Iparraldean frantsesez hitz egiten dut. Hegoaldean, aldiz, nire gaztelera traketsa dela eta jendeari ingeleraz egiteko eskatzen diot.

Pertsonalitateari dagokionez, zein ezberdintasun aurki daitezke euskaldunen eta eusko- amerikarren artean?

Egia esateko ezin dut horri buruz askorik esan eusko amerikarrak euskaldunak baino gehiago ezagutzen ditudalako, eta ezagutzen ditudan ia euskaldun guztiak familia kideak direlako. Baina esango nuke ezberdintasun nagusia folkloreari eta tradizioari ematen dioten garrantzian dagoela. Bada, hemen Ameriketan Euskal Herriarekin dagoen konexioa aitona- amonen eta birraitona edo birramonen ondorioz da, eta konexio hori mantentzeko jendeak palan jolasten du, txistua jotzen du, jaialdietara joaten da… Euskal Herrian bizi direnek, aldiz, bertan jaioak izanik, euskaraz hitz egiten dakitenez eta bertan bizi direnez, ez dute hain sakonki sentitzen folkloreari lotuak bizitzeko behar hori.

Aurrekoan Dave Bieter Boiseko alkatearekin egoteko aukera izan genuen, eta beraren ustez euskarak egiten gaitu euskaldun, ados al zaude?

Nahiko ados nago, baina ez guztiz. Nik ez nuke esango euskaldun izateko derrigorrezkoa duzula euskara jakitea, hori ez litzateke definizio bakarra niretzat. Hala ere, euskaldunek euskara mantendu behar dutela uste dut, oso atal garrantzitsua baita. Euskal Herritarrek haien artean euskaraz hitz egiteko gaitasuna edukitzeak, haien aurrekarien hizkuntzan hitz egitea suposatzen du eta horrek balio handia du.

Hemen Estatu Batuetan hizkuntza baliabide gehiago izatea ondo legokeela deritzot, baina era berean ez dut euskararen aldeko defendatzaile sutsuaren itxura eman nahi. Izan ere, blogean diodan bezala, nik pertsonalki hemen ez dut euskara erabilgarri ikusten. Bada, ez dut euskara hitz egiten duen jende asko ezagutzen. Dena den, mundu ideal batean euskal komunitateko kide guztiek euskara jakitea gustatuko litzaidake.

Euskara ikasteko asmorik al duzu?

Ez dakit, beharbada egunen batean. Nire ametsa da bederen euskara ulertzea hizketaldi bat jarraitu ahal izateko, zeren orain hitz gutxi batzuk ez ditut ulertzen eta hitz egitean ulertzen dudan apurrarekin istorioak asmatzen ditut.

Esan behar da Ameriketan euskara ikastea ez dela erraza, izan ere ez daukazu norekin praktikatu. Hala ere, egun internetari eta sare sozialei eske errazagoa izango litzateke, baina jendeak ez du esfortzu hori egiten.

Eta amaitzeko, blogarekin jarraitzeko intentzioa duzu?

Momentuz gustura nago eta jarraitu egingo dut.

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen