Goizeko ordu biak ziren tabernatik irteteko eskatu zigutenean. “Eta orain zer? Non jarraituko dugu parrandarekin?” eta eman ziguten erantzuna argia: “Hemen parranda bukatua dago”. Euskal Herrian tabernak itxitakoan beste edozein aretotara joateko ohitura dago jaia goizeko ordu txikiak arte luzatzeko intentzioarekin. Baina hemen, aldiz, aipatu moduan goizago amaitzen da juerga.

Orduan zer, jaiak ordu gutxi batzuk soilik irauten al ditu? Ez, Boisen jaia beste modu batera bizitzen da. Izan ere, arratsalde partean irteten dira hemen kalera. Ordutegi aldaketaz gain, festa bizitzeko modua ere hein  batean ezberdina da.  Nahiz eta Euskal Herriko giroa bertaratzeko saiakera egiten duten, esaterako, txosnak kalean jarriz, Euskal Herrian ohikoak diren jakiak eta edariak salduz eta erromerietan dantzatuz, beste hainbat aspektuk Estatu Batuetan zaudela gogorarazten dizute.

Erromeria (5)

Alde batetik, alkohola edaterako orduan arauak askoz ere zorrotzagoak dira. Jakina denez, 21 urte izan arte galarazita dago beronen kontsumoa. Hori betetzen dela ziurtatzeko polizia dago presente gau osoan zehar eta alkoholdun edariak kontsumitu nahi dituen edonork eskuan eraman behar du gutxieneko adina duela ziurtatzen duen eskumuturrekoa. Horretarako, nortasun agiria erakustea beharrezkoa delarik.  Halaber, tragoa eskuan duzula tabernatik metro bat baino gehiago urruntzeak isuna dakar. Dena den, Jaialdian zehar salbuespen bat egiten da eta Basque Block-aren kalea ixten dutenez, bertan askatasunez mugitzeko baimena dago.

Bestalde, harrigarria dirudien arren, tabernetan ez dute musikarik jartzen. Hala ere, horrek ez du oztopatzen giro aparta aurkitzea. Bada, Jaialdian zehar jende mordoa biltzen da haietan eta Euskal Herritik etorritako taldeak ere aurki daitezke, abesten, zein euskal musika jotzen. Gainera, hemen jende gehiena euskal dantzak dantzatzen trebatua dago eta ezein aukera baliatzen dute praktikan jartzeko. Beraz, euskal taldeak ondo baino hobeto hartzen dituzte.

Oinkari (5)

Azpimarratu behar den alor bat Jaialdia ohiko parranda baino askoz gehiago dela da. Izan ere, aste guztian zehar bestelako ekitaldi mordoa dago bere jiran. Atzo, adibidez, Oinkari Dantza Taldearen emankizunaz gozatzeko parada izan genuen. Euskal Herrian horrelakoak ikustera ohituak gauden arren, Boisen jendea zeharo hunkituta ikus zitekeen. Horren adibide da zortzikoa dantzatzean dantzarien ostikoei algaraz  eta txaloz erantzutea. Segidan Amuma Says No taldeak jo zuen. Hau Boiseko erromeri talde bat da eta kontzertuak iraun zuen bitartean bertaratutako guztiak berriro ere dantzan jartzea lortu zuten. Horren ondotik, txistu eta atabalaren erritmoan jauzien txanda iritsi zen.

Oinkari (2)

Gunez aldatuta euskal kantuen unea iritsi zen Basque Block-ean. Han mungiako Taberna ibiltaria taldeak girotu zuen gaua eta han bildutako askok abestiak jakin ezagatik doinuen erritmoa jarraituz biziki gozatu zuten. Sinestezina dirudien arren, hamaikak aldera Euskal Etxera sartu bezain pronto ostera euskal dantzak izan ziren protagonista denbora luzez. Dantza eta kantu artean konturatzeko bukatu zitzaigun eguna.

Gaurkoan gehiago gozatu eta dantzarako prest kalera irtetear gara. Hori bai gaurkoan kirolarentzako tartea ere izango dugu, Sports Night ekitaldian herri kirolak ikusteko aukera izango baitugu.

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen