Boisen egin dugun bosgarren egunean bertako eta Euskal Herritik etorritako gazte batzuekin hitz egin dugu Jaialdiaren eta hiriaren gaineko haien ikuspegiak ezagutzeko asmoz. Guztiek nabarmendu dute Boisetarren gertutasuna.

Erdia hemen eta erdia han

Ander Egiluz 17 urteko gaztea da. Ama Boisen jaioa du eta aita, berriz, Euskal Herrian. Txikitan Euskal Herrian bizi izan bazen ere urtebetez Boisen egondakoa da, eta udara guztietan bueltatzen da bere bigarren etxera. Joan den urtean ere Boisera bizitzera etortzeko asmoa izanagatik, Athletic-en deia jaso ondotik Algorta den bere sorlekuan geratzea erabaki zuen.

Ander Egiluz

Ander Egiluz

“Egia esan ez naiz aurreko Jaialdiarekin ondo gogoratzen , baina hau lehengoa ez dela esan dezaket. Aurrekoak oso gazte harrapatu  ninduen eta oraingoan, nahiz eta  gaztea naizen oraindik, gehiago gozatzeko asmoarekin nago.

Badakit hemen euskal diasporako herrialde askotako jende ugari biltzen dela eta oso polita iruditzen zait. Azkenean Amerikarren kultura nahiko ezberdina da eta euskal amerikarrak euskal kultura beraiekin eramaten saiatzen diren arren, giroa ez da berdina. Horrek ere berezi egiten du Jaialdia. Gainera, euskaldunak oso ondo ikusiak daude, eta primeran tratatzen gaituzte. Izan ere, bere sentitzen dutena asko zaindu eta babesten dute. Adibidez, Athletic-i sekulako harrera egin zioten. Horren harira aipatu behar da, hemen Boisen duela bi hilabete inguru Athletic-en kirol-lagunartea sortu zela, eta ni bazkide egin naiz.

Ez soilik jai giroa, bizimodua ere oso ezberdina da. Nire kasuan are gehiago, Boiseko familia betidanik ranchera izan baita. Niri pertsonalki bizimodu hori ikaragarri gustatzen zait eta orain ezinezkoa bada ere, etorkizunean hemen bizitzea eta lan horretan aritzea gustatuko litzaidake.”

Familiari bisita

Udane Madariaga 20 urteko mungiarra da eta familiarengana etorri da uda pasatzera. Laugarren aldia du hemen, baina aurtengoa izango da bere lehenengo Jaialdia.

Udane Madariaga

Udane Madariaga

“16 urterekin etorri nintzen 3 hilabetez ingelera ikastera,hain zuzen, sei asteko intentsibo batera, Boiseko unibertsitatera. Denbora hori igarota haurtzaindegi batean egon nintzen bolondres moduan  bi hilabetez. Egia esan udako esperientziarik onena hori izan zela uste dut. Bertan unibertsitatean baino ingelera gehiago ikasi nuen. Izan ere, umeek ez dute maleziarik eta zuzenketak intentzio onez egiten dituzte.

Hemengo bizimoduari dagokionean, askoz ere lasaiago da eta jendearen izaera ere ezberdina da. Euskal Herrian jendarteko harremanak hotzagoak dira, eta hemen, ostera, gertutasuna da nagusi. Hori da benetan gustuko dudan ezaugarrietako bat. Hala ere, ez dakit hona bizitzera etorriko nintzatekeen, baina urte bete behintzat igaroko nuke bertako ikastolan esperientzia pilatzeko.

Nahiz San Inaziotan urte ezberdinetan egon naizen, hau izango da nire lehen Jaialdia. Egia esateko oso giro politean murgiltzeko aukera izan dut aurreko urteetan baina nik uste dut Jaialdia izugarria izango dela. Bada, kanpoko jende asko hurbiltzen da hona, bost urterik behin baino ez dagoelako horrelako ikuskizun batez gozatzeko aukera.

Halaber, niretzat bertako familiarekin elkartzea ere oso hunkigarria da. Lehengusu zuzenak ez izanagatik sekulako harremana dugu gure artean.”

Oñatitik Boisera

Jon Kortabarria duela bi urte etorri zen Oiñatitik Boisera bizitzera esperientzia berri bat bizitzeko nahiarekin, bertan baitu amaren aldeko familian guztia. Egun Asian Tech enpresan dabil ikasitako diseinu ingeniaritza praktikan jartzen.

Jon Kortabarria

Jon Kortabarria

“Boise oso hiri polita iruditzen zait, jendea oso jatorra da eta oso gustura nago. Dena den, egia da faltan botatzen dela koadrilaren lagunarteko giroa. Bada, hemen jendeak astean zehar etxean geratzeko ohitura du, eta asteburuetan baino ez dira ateratzen. Hori hasieran arraroa egin zitzaidan. Hala ere, bertako bizimodura egokitu naiz. Gainera, lanean ere gustura nabil eta momentuz behintzat bertan jarraitzeko asmoa dut.”

Boise sorleku

Kristina Franzoia euskal amerikarra dugu, Boisen bertan jaioa eta Oinkari dantza taldeko kidea. Urte bete Brasilen ibili ondoren orain Euskal Herrira joateko gogoekin dago.

Kristina Franzoia

Kristina Franzoia

“Jaialdia oso berezia izan da beti niretzat, baina egia da azken urteetan entzutetsuagoa bilakatu dela eta bertakoak oso harro gaude horretaz. Jende asko biltzen da bertan, eta horrek eragin du jaia euskal gunean izateaz gain hirigunetik aparte dagoen gune batean ospatzea. Jende berri asko ezagutzeko aukera ematen du jaialdiak, hala nola, aurretik harremanik izan gabeko familia kideak.

Gauari dagokionean, giroa hemen Amerikako beste leku batzuekin alderatuta ezberdina da. Esaterako, hemen ez dira gaupasak egiten, soilik Nevadan. Dena den, tabernak zarratu ostean –goizeko ordu bietan-  etxeetan jaia jarraitzen dugu normalean. Bestalde, asko gustatzen zaigu kantuan eta dantzan ibiltzea. Gainera ,tartean ligatzeko aukera ere badago jajaja.”

Boisen tabernaz taberna

Lander Bilbao 23 urteko gazte mungiarra da eta Boisera bidaia egin du Taberna Ibiltaria taldearekin jaialdia girotzeko asmoz.

Lander Bilbao

Lander Bilbao

“Hau nire bigarren jaialdia da eta aurrekoa oso esperientzia polita izan zen. Hori bai, hemen 21 urte azpikoek zailtasunak dituzte, berez ezin baitute edan. Hala ere, imajinazio pixka batekin lor daiteke.

Bestalde, nahiz eta hemen ahalegintzen diren Euskal Herriko jaien gerturapen bat egiten, ezberdintasun nabaria dago. Batez ere kontrolari dagokionean, ez du zerikusirik, kalean ezin da lasaitasunez edan, tabernak goiz ixten dituzte… Beraz, goizetik hasi behar da parranda bestela motz geratzen da eta.

Juergaz aparte, Expo Idaho iruditu zitzaidan ikusgarriena. Bertan, musika, dantza eta herri-kirolez gozatzeko aukera dago. “

Bilbotar bat Boisen

Iker Agirre Bilbotarra da eta Jaialdiaz gozatzera etorri da Boisera bere lagun Jon Kortabarria bertan dagoela baliatuz.

Iker Agirre

Iker Agirre

“Niretzat hau lehen Jaildia izango da eta egia esan ez nuen gauza handirik espero, baina bertan egonda orain uste dut sekulakoa izango dela. Hasieran lagunekin etortzeko plana neukan baina azkenean lana dela eta ez dela familiarekin etorri naiz. Iritsi berri gara eta gaur martitzena izanda dagoen giroa ikusi ondoren benetan nire hasierako ikuspegia aldatu da.

Ordu gutxi batzuk baino ez ditut egin bertan, baina jada bertako jendea oso atsegina dela konturatzeko denbora izan dut. Problema gabe hitz egiten hasten dira, zure jatorriari buruz galdetzen dizute, ikaragarria iruditzen zait.

Printzipioz daukadan plana bertako giroaz gozatzeaz gain, hiriak eskaintzen dituen beste aukera batzuk aprobetxatzea da. Besteak beste, eguenean hiriko ibaian behera txalupan jaitsiko gara eta beste egun batean rafting egitera joango gara.”

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen