Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien GazteBizHitza atariak antolaturiko GOazen Boisera lehiaketan saridun izan dira. Uztailaren 28etik abuztuaren 3ra bitartean Boiseko Jailadian barneratuko dira, berri-emaile lanak eginez eta jaialdiaz gozatzen. Elkarrizketa egin diegu eta beraien lanak ere publikatu ditugu, nortzuk diren ezagutzeko.

Mila esker parte hartu zuen guztioi eta Zorionak Naroa eta Mikeli!

Naroa Elortegi

Naroa dut izena, 21 urteko gazte gatikarra naiz, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua burutzen ari dena. Neska kirolaria naiz eta, askotariko kirolak gustuko ditudan arren, txikitatik futbolean aritu izan naiz batik bat. Hala ere, denbora librean bestelako ekintzak egitea ere gogoko dut, beste batzuen artean, idaztea. Lan saritua

Mikel naiz, Urnietako 26 urteko kazetaria. Azken urte honetan Infozazpi irratian eta Gaur8 astekarian kolaboratzaile lanetan aritu naiz. Irratian Kirol Leihoa saioa aurkeztu dut, Euskal Herriko emakume kirolarien gaineko saioa eta egunkarian jorraturiko artikulu, erreportaje eta elkarrizketak ere gai beraren ingurukoak izan dira. Gainerakoan oso pertsona irekia, alaia eta positiboa naiz. Halaber, kirola ikaragarri gustatzen zait, eta, baita, jende berria ezagutzea ere. Lan saritua

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nolatan animatu zineten Goazen Boisera lehiaketan parte hartzera?

Naroa: Urte guztia neraman Boiseko jaialdira joateko gogoekin baina arrazoi bategatik edo besteagatik plana ez zen aurrera atera. Esperantza galdua nuenean lehiaketaren berri jaso nuen eta parte hartzeko baldintzak nik eskain nezakeenarekin bat zetozela ikusita parte hartzea erabaki nuen.

Mikel: Iragarkia ikusi bezain pronto erabaki nuen parte hartzea. Oso esperientzia interesgarria iruditzen zait. Bost urterik behin antolatzen den jaialdia izanik ikusgarria izango da benetan. Bestalde, Estatu Batuetan bizi diren euskaldunen berri izateko gogoa dut, eta, baita, euskal nortasuna nola mantentzen duten ikusteko jakinmina ere.

Aurkeztu duzuen lanaren inguruan zer komentatu dezakezue (gaia, ikuskera, zure idazteko estiloa…)

N: Hasieratik, gaia zein zen irakurri eta berehala, bururatu zitzaidan lanaz hitz egiten denean soldata truk egindako lana etortzen zaigula burura. Horregatik erabaki nuen ikuspegi ezberdin bat lantzea, hain zuzen, ikasketetatik kanpo eta muxu truk egiten ditugun jarduerak, baina lanak besteko konpromisoa eskatzen dutenak.

M: Bi gauza islatu nahi izan ditut. Alde batetik, amesteak duen garrantzia. Izan ere, ametsen bitartez pizten da ilusioa guregan eta haiei segika bilatzen dugu zoriontasuna. Eta bestetik, gazteok lan munduan barneratzeko ditugun zailtasunak azalerazi nahi izan ditut fikziozko istorio labur baten bitartez.

Sorpresaz jaso duzue saria?

N: Egia esateko bai. Izan ere, unibertsitateko azterketak direla eta ideia buruan izan dudan arren ez dut astirik izan paperera pasatzeko eta azken orduan lortu dut denbora tarte txiki bat erreportajea aurrera eramateko. Beraz, guztia azkar igaro da eta oraindik txundituta nago.

M: Egia esateko bai. Pentsatzen dut hain sari interesgarria jokoan izanda jende askok parte hartuko zuela eta halakoetan ez da erraza izaten hautatua izatea. Hori dela eta, oso pozik nago, oraingoan zortea lagun izan dut eta.

Boisera, euskal diasporaren Jaialdi handira joateko aukera izango duzue. Zer espero duzue bertan aurkitzea?

N: Behin baino gehiagotan hitz egin didate jaialdiaz han egonda daudenek, baina norberak bizi duena ez da inoiz kontatzen digutena bezalakoa. Beraz, espero dut kontatu didatena baino gehiago bizi ahal izatea bertan. Euskal Kultura beste herrialde batean nola bizi duten ikustea eta bertan bizi direnekin hitz egin eta haien ikuspuntua ezagutzea.

M: Sekulako jaialdia espero dut, goi mailako ekitaldiz osatua. Horretaz gain, pentsatzen dut hango jendearengan ilusioa izango dela nagusi, izan ere, Euskal Herritik hain urruti bizita nostalgia puntu handi bat izango dute haien barruan eta 6 egunez bada ere euskal kultura eta nortasuna horren gertu sentitzea oso hunkigarria eta berezia izango da beraintzat.

Astebetez berri-emaile lanetan arituko zarete, bi saridunak, Gazteaukerako blogean idazten eta sarean horren berri ematen. Nola moldatzen zarete interneteko komunikazioan (blogetan, sare sozialetan…)?

N: Gaur egun gizartean internetek duen pisua ikusita esango nuke gazte orok edo gehiengoak dituela internet bidezko komunikaziorako ezagutzak. Nire kasuan, txikitatik erabili izan dut ordenagailua eta gaur egun sare sozialetan ere presentzia dut. Beraz, moldatu moldatzen naizela esango nuke.

M: Nahiko ondo. Ni batez ere, sare sozialetan ibiltzen naiz, bereziki, twitterren. Kazetarientzat oso tresna baliagarria da eta han gertatzen denaren berri emateko, noski, oso aproposa. Blogak ere oso egokiak dira lan horretarako.

Esperientzia honetatik zer ikasiko duzuela uste duzue eta zer da gauzarik interesgarriena zuentzat?

N: Esperientzia oro aberasgarria izango dela uste dut. Bai pertsonalki, bidaiatzeak eta mundua ezagutzeak norbere izaerarengan eragin sakona izan ohi duelako, eta baita gaitasunei dagokienean ere, lehen aldia baita berriemaile bezala arituko naizena. Horrez gain sekula ez dut izan hain bidai handia egiteko paradarik eta seguru nago biziko dudan guztia irudituko zaidala benetan interesgarria

M: Seguru nago gauza asko ikasi eta jende interesgarri mordoa ezagutuko dudala. Beti izan dut Estatu Batuetara joateko irrika, Euskal Herriarekin alderatuta oso desberdina izango delako. Bestalde, eta jaialdiaren norabidera etorrita, duela urte asko hara bizitzera joan ziren euskaldunak euskal nortasuna zein puntutaraino mantentzen duten bizirik ikusteko eta haien seme-alabei euskal kulturaren transmisiorik egin ote dieten ikusteko jakinmina daukat.

Bukatzeko zerbait gehitu nahi bazenute aurrera!

N: Eguna heltzeko irrikan nago eta ahaleginduko naiz, lehen aldia izan arren, burutu beharreko lana ahalik eta ondoen burutzen.

M: Besterik gabe jendea guk Boisetik bidaliko dugun informazioa jarraitzera animatzen dut, seguru oso interesgarria izango dela eta.

Ekimenaren sustatzailea

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat.