Matxalen de Pedro koreografoa, aktorea eta muelle 3 arte eszenikoen zentroko arduradunetako bat da. Dantza eta arte eszenikoak lantzen dituen Ametsak Dantzan egitasmoa garatu du Olatz de Andres eta Igor de Quadrarekin batera, Ibarrekolandako institutuko gazteekin. Lan honen berri izateko elkarrizketa egin diogu Matxaleni.

Ametsak Dantzak, zein da proiektu honen abiapuntua eta helburua?

Ametsak Dantzan hezkuntza  komunitate bati, Ibarrekolanda BHI-ri hain zuzen, proposatutako proiektu pedagogikoa da. Helburua, institutuko komunitatearen baitan, dantzatik abiatuta eta taldeak nahastuz, parte hartzeak sortutako harreman berriak sustatzea da. Edukiari dagokionez etorkizuneko amets eta beldurrei buruz hausnartzeko aukera eman nahi genien gazteei, amankomunean ditugun ardurak baitira askotan. Mugimendua eta dantza tresna gisa hartuta gazteek idatzitako hausnarketak eszenan jartzea izan zen gure lana, zentroko irakasle eta zuzendaritzaren laguntzaz. Horretarako 2014ko martxoko azken astean klaseak eten ziren, egunero bi orduz. Aste hartako ostiralean bertan, astean zehar sortutako ikuskizuna aurkeztu genuen Sarrikoko kontserbatorioan. Proiektuaren muina osatzeko gainera IEFPS Tartangako azken urteko ikasleek, praktika gisa, proiketuaren dokumentala egin zuten esperientziaren oroitzapen zoragarria oparituz parte hartu genuen guztioi.

IMG_6909

Nortzuk zaudete proiektu honen atzean?

Ametsak Dantzan 2014an muelle3ren eta Ibarrekolanda BHIren artean ekoizturiko ekimena da. Aurreko galderan esan bezala, IEFPS Tartangako ikasleak bidaiakide izan genituen baita. Ibarrekolanda BHIko zuzendaritzaren eta irakasle sorta baten laguntza osoa izan ezean ezinezkoa izango zen proiektua aurrera ateratzea. Kontuan izan behar da Ibarrekolanda BHI-k Batxilergo Artistiko eta Batxilergo Eszenikoak dituenez gero bertako irakasle batzuk eta zuzendaritzak sentsibilitate berezia dutela gisa honetako proiektuen balio eta interesa ulertzeko.

Ibarrekolandako ikasle eta irakasleekin aritu zarete lanean, nolako harrera izan du?

Zuzendaritzaren aldetik laguntza, babes eta konfidantza osoa izan genuen. Zoragarria izan zen inplikazio horretatik asko ikasi dugulako guk ere. Irakaslegoaren aldetik, bereziki inplikatu ziren Batxilergo Eszenikokoak baina baita DBH-ko irakasle batzuk ere. Sorpresa politak izan genituen. Ados ez zegoenik ere egon zen, noski baina proiektua aurrera ateratzeko arazorik ez zuten sortu, zorionez.

IMG_6961

Zenbat ikaslek eta irakaslek parte hartu dute eta zenbat denboran aritu zarete lanean taldeekin?

150 ikasle inguruk hartu zuten parte.  Inplikazio handiaz Batxilergo Eszeniko eta Artistikoko 4 irakasle ibili ziren gure inguruan lanean. Beste irakasleek lan egiten genuen tokietara laguntzen zituzten ikasleak eta sesioetan ikusle gisa egoten ziren.

Batxilergo Eszenikoko ikasleek parte hartze handiagoa izan zuten. Hiru sesiotan  zehar lan egin genuen haiekin, proposatuko genituen mugimendu eta dramaturgia probatzen ikaslego osoarekin lan egin aurretik. Ondoren, ikaslego guztiarekin lan egin genuenean haiek taldeko “espezialistak” ziren, gure laguntzaile gisa parte hartu zezaketen beste ikasleei gauzak azaltzen edo irakasten. Parte hartze berezi hau oso polita izan zen ikasleentzat.

IMG_7210

Ekimenaren dokumentazio lanetan Tartangako irudi eta soinu saileko ikasleak aritu dira lanean. Ikasleak beste ikasle batzuen lana grabatzen, nolako esperientzia izan duzue beraiekin?

IEFPS Tartangako ikasleen lana zeharo profesionala izan zen. Era autonomoan antolatu ziren eta emaitza oso polita izan da. Parte hartzaile guztiok (ikasleek, irakasleek, guk)  duela gutxi ikusi genuen ordubeteko dokumentala Sarrikoko Kontserbatorioan. Guztiz emozionantea izan zen!

IMG_7196

Ametsak Dantza ekimenean gazteekin sorturiko pieza non aurkeztu zenuten eta nolako ibilbidea izango du hemendik aurrera?

Antzezlana Sarrikoko kontserbatorioan aurkeztu zen zentroko beste ikasleentzat, lagunentzat eta familientzat. Ikuskizuna ez da berriz antzeztuko, hori ez bait zen proiektuaren helburua. Garrantzia prozesuan datza, nahiz eta guztiok oso pozik gelditu ginen emaitzarekin.

Jarraipenik izango ahal du egitasmo honek datozen urteetan?

Aurten ere antzeko proiektu bat egingo dugu, bai. Ibarrekolanda BHI-n izango da berriz ere zentro horrekin dugun konplizitateak gauzak asko errazten bait dizkigu. Oraingoan taldekide berri bat izango dugu: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Proiektua  urrunago eramango dugu aurten koprodukzio honi esker eta oso pozik gaude. Dantza eta antzerkiaren sentsibilizazioaz gain musikaren sentsibilizazioan ere eragingo dugu aurten proiektuak. Lan eszenikoa musika klasikoz lagundua izango da Orkestrako korda musikariei esker eta emaitza BBK aretoan erakutsiko dugu maiatzaren 30ean. Hala, ez dugu baztertzen hurrengo urtean zentro desberdin batzuekin lan egitea.

IMG_7213