Iratxe Fernandez Santurtizarra eta Iñigo Hernandez Donostiarra Arkitekturako ikasleak dira. Ariane Inza berriz, Arkitektura teknikoko langilea izan den arren, gaur egun ingurugiro zientziak ikasten ari da eta Uxue Urzelai Ordiziarra irakasle izateaz gain, Antropologoa era bada. Lau gazte hauek amankomunean gauza bat dute, 2014ko udan Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren baitan Mozanbikeko Salaue herrian izan ziren hiru hilabetez.

Esperientzia hartatik ikusi eta ikasirikoak bizirik dirau oraindik eta Maccoa proiektua osatzeko hausnarketa izan da. Mozanbiken bizitakoaz eta Euskal Herrian bueltan egiten ari diren lanaz mintzatu gara Uxuerekin eta honako kontuak esan dizkigu:

Kontaiguzu pixka bat Arkoo arkitekturako ikasleen elkartea nola sortzen den eta zelako egitasmoak garatzen dituzuen.

Arkoo arkitekturako ikasleen elkartea oraintxe sortu den taldea da, oraingoz behintzat diziplina honetako pertsonak hartzen dute parte, beste diziplina batzuekin elkarrekin lan egiteko bidean bada ere. Macooa proiektuaren parte da eta Salaue herrian garapenerako lankidetzako proiektuak aurrera eraman ahal izatea du helburu nagusiena.

salaue 10

Maccoa proiektua noiz eta nola hasten da eta zein helburu ditu?

Duela 2 urte hasi ziren martxan arkitekturako fakultateko ikasle batzuk Macooa proiektuan. Salaue herrian lanean zebilen pertsona batekin lotura izateagatik. Mozanbikeko errealitatearekin sentsibilizatu eta hango egoera hobetze aldera lanketa ezberdinak egiten hasi ziren.

2014ko udan 3 hilabetez Mozanbikeko Salaue herrialdean egon zineten 4 gazte Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker, nolakoa izan zen esperientzia?

Salaueko esperientzia ezin hobea izan da 4 kideontzat. Bertako jendeak etxean egongo bagina bezala sentiarazi gaitu eta asko ikasi dugu bizitzeko beste modu batzuen inguruan. Pertsonalki asko erakusten dizu zure testuingurutik atera eta horren ezberdina den toki bateko parte izateak.

salaue 8

Zuen arteko harremanaz zer esan dezakezu?

Gure artean oso ondo moldatu gara denbora guzti honetan zehar, ezagutu ginenetik gaur egunera arte, nahiz eta aurretik ez genuen elkar ezagutzen. Lan asko egin behar izan dugu Salauen eta hemen ere lan zamak jarraitzen du, hala eta guztiz ere, gure arteko giro onagatik errazago egiten ari zaigu dena.

Ikerketa antropologikoa egin zenuten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren baitan, zeintzuk dira aztertu zenituzten gaiak?

Komunitateko aspektu ezberdinak ikertu nahi genituen, nola bizi diren jakiteko, euren perspektibatik behar nagusienak zeintzuk diren jakiteko eta eurei egokitutako irtenbideak martxan jarri ahal izateko. Honetarako ekonomia, politika, hezkuntza, arkitektura, sexualitatea, harremanak, siniskerak… izan dira gure ardatz nagusienak.

salaue 11

Zeintzuk dira lanaren ondorio nagusiak eta eskualdean somatu dituzuen beharrik aipagarrienak?

Salaue herrian oinarrizko behar asko daude oraindik asetu gabe, nagusiena ur eskasia da, ondoren osasun zentro baten beharra eta erditze gela baten beharra ere oso nabariak dira. Honez gain, hezkuntza sisteman aldaketa batzuk emateko beharra ikusten da, hezkuntza haur guztientzat eskuragarria izan dadin. Azkenik, nekazaritza eta elikaduraren esparruetan subirautza lortzea ere behar nagusienetarikoa da.

Zertarako erabiliko duzue hemendik aurrera egindako ikerketa, ikerketaren baitan egindako elkarrizketen bideoa eta prestatu duzuen argazki erakusketa?

Ikerketa, erakusketa eta bideoak ate ezberdinak irekitzeko tresna dira. Ikerketa beharrezkoa da garapenerako lankidetzako proiektuak aurrera eraman ahal izateko, komunitatea nahiko sakon ezagutzen dugula adierazteko. Erakusketa eta bideoa berriz hemengo jendeari Mozanbikeren berri emateko egin ditugu, baita proiektuak aurrera eraman ahal izateko finantziazioa biltzeko ere.

salaue 2

Argazki erakusketa ere prestatu duzue, zein da honen helburua?

Bi helburu nagusi ditu, lehenengoa Salaueren berri ematea da, baita orokorrean komunikabide bitartez iristen zaizkigun egoera biktimizatzaileei aurpegi berri bat erakustea, Salaueko herritarrak oso gertuko eta alaiak baitira. Bestalde, garapenerako lankidetzako proiektuak aurrera eramateko dirua beharrezkoa da eta argazkiak salgai jarri ditugu hau lortze aldera.

Zeintzuk dira emango dituzuen hurrengo pausoak Mozanbikeko Salaue herriko proiektuari dagokionez?

Aurtengo udari begira proiektu zehatza prestatzen ari gara, identifikazio fasearen ostean iritsi baita garaia beharrak asetzen hasten saiatzeko. Honetarako, perfil zehatz bateko jendea eta besteak beste, ura biltzeko sistema eraikitzeko finantziazio bila gabiltza instituzioetan eta pertsonetan. Gure asmoa Salaueko garapenean kolaboratzea da eta bertako jendearen bizi kalitatea hobetzen laguntzea.

Lankidetzan aritu diren gazteen testugantza gehiago