Durangoko Azoka ate joka dator. Aurtengoan  49.edizioa ospatuko da abenduaren 5etik 8ra bitartean. Antolatzaileek parte hartze altua espero dute eta 245 stand, 132 erakusle, 330 nobedade berri, 500 sortzaile eta 150 ekitalditik gora egongo direla iragarri dute.

Gune ezberdinetan banaturik, hitzaldiak, solasaldiak, aurkezpenak, kontzertuak etb egongo dira adin eta gustu ezberdinetako bisitarien gozamenerako. Baina ohiko eskaintzez haratago bestelako ekimenak ere antolatu dituzte aurten, parte hartze aktiboa bultzatzeko: instragram bidezko argazki lehiaketa eta Kameratoiaren 10.edizioa.

azoka_intagram

#Dazokat Durangoko Azokaren instagram argazki lehiaketa

Nortzuk dira Azokakoko protagonistak? Zer da Durangoko azoka? Nolako giroa egoten da? Ikusleen begiradak, pasabideetako jendearen joan etorria, alde zaharreko giroa, kulturzaleen erosketak eta poltsak…. Guzti hori argazkietan biltu eta saritu nahi dute #dazokat lehiaketan.

Parte hartzeko #dazokat traola erabili behar da eta argazkiak instagrameko kontu publiko batera igo behar dira. Egunero sarituko dute argazki bat eta irabazleek egunean bertan egongo den kontzerturako zein ikuskizunerako sarrera bikoitzak irabaziko dituzte:

  • Abenduaren 5ean: Hesian eta Vendetta ikusteko sarrera bikoitza.
  • Abenduaren 6an: ‘Hegoak erein’ ikuskizunerako sarrera bikoitza.
  • Abenduaren 7an: Gatibu ikusteko sarrera bikoitza.
  • Abenduaren 8an: ‘Txapeldun’ antzezlanaren estreinaldirako sarrera bikoitza.

Horretaz gain, sari potolo bat ere egongo da argazki irabazlearentzat. Bi gaueako ihesaldia Europako hiri batera, bi pertsonarentzat.

kameratoia

Kameratoia, 48 ordu film labur bat egiteko            

Bestalde, Kameratoiak 10 urteurrena ospatuko du aurten eta iaz bezala Durangoko Irudienea ikus-entzunezko plazan izango du kokaleku. Abenduaren 6an, film laburra osatzeko gaia eta ezaugarrien zerrenda jasoko dituzte parte hartzaileek. Momentu horretatik, kameratoilariek 48 orduko epea izango dute gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko.

4 sari egongo dira: lehenengoa 1.200 eurokoa, bigarren 900 eurokoa, hirugarrena 600 eurokoa eta Topagunearen sari berezia , 500 eurokoa.