Iñigo Hernández Mozambiken izan da 3 hilabetez gertutik Makua kultura ezagutzen. Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan partaide izateak mundua beste era batera ikusten lagundu diola esan digu.

P1300683

Euskadiko Gazteak Lankdietzan programa nola definituko zenuke?

Oso aukera ona da Euskadiko gazteentzat beste errealitate, leku eta pertsonak ezagutzeko. Mozambikera eginiko bidaia honetan bertako biztanleen bizitza ezagutu eta beraien bizimoduaren parte izateko aukera izan dut 3 hilabetez. Oso egitasmo interesgarria da beraien errealitatea gertutik ezagutu eta ulertzeko aukera ematen dizulako. Trukean zuk ahal duzun neurrian laguntzen duzu bertan eta zure gauzen ikuspuntua ematen duzu. Kultur truke honi esker aberastu egiten zara pertsona gisa.

1972444_707410306015381_2086838511330994654_n

Nolako eragina izan du bizipen honek zure bizitzan?

Bizi eta gauzak ikusteko ikuspuntu berri bat eman dit, irakaspen bat izan da, gure eguneroko bizitzan garrantzitsuak iruditzen zaizkigun hainbat gauzak ez direla horren beharrezkoak konturatzeko modu bat. Munduko beste bazter batzuetan bizi den jendeak gauza gutxirekin eta zailtasun handiekin aurrera jotzeko kemena baduela eta gainera irribarre batekin ohartu naiz. Honek indarra ematen dizu eta benetan garrantzitsuak diren gauzak baloratzeko abagunea.

Denok uste dugu ezagutzen dugula nolakoa den garapen bidean dauden herrien egoera. Bizipen honen ostean nik pertsona horietako batzuen izenak eta historiak ezagutu ditut, zehazki Silva Makuan egunero bizirauten duten biztanleak. Beraien nortasuna nolakoa den ezagutu dut, beraien barreak eta dantzak. Egitasmo honi esker elkartasunaren munduan jarraitzeko gogo gehiago dut, ahal dudan eran laguntzen.

Iñigo 3

Zeintzuk izan dira bizi izan dituzun unerik onenak?

Egunero izan ditut une oso onak. Umeek eurekin jolastean maitasun handia eskaintzen dizute eta nagusiek ere bai. Gure lauron lana Makua kultura ikertu eta ezagutzea izan da. Herrixketan jendeari elkarrizketak egitean ohartzen zinen gogotsu zeudela beraien ohiturak eta kultura azaldu eta aditzera emateko, eta horrek asko erraztu eta aberasten ditu ikerketa.

Bitxia badirudi ere egonaldiaren amaieran bizi izan nuen unerik onenetako bat. Alde egiteko garaia heltzear zela, jendea agurtzerakoan ohartzen zinen nolako konfiantza lortu zenuen beraiekin, nolako bizipenak bizi izan zenituen eta alde egiteak ematen zizun tristura. Penagarria bada ere amaiera momentu ederra da, bizitakoaz ohartzen zarelako.

P1310048

Eta unerik gogorrenak?

Biztanleek dituzten bizi baldintza okerrak dira gauzarik gogorrenak. Zenbait umek zakarretan bilatzen dituzte jostailuak, txiroek jantziak erosteko dirurik ere ez dute eta osasun zerbitzu eskasiaren ondorioz gurean erraz sendatuko liratekeen zauriak infekzio bihur daitezke eta heriotza eragin. Horrelako uneetan ohartzen zara zelako bizi baldintza ezberdinak ditugun. Benetan hunkitu naute horrelako egoerek baina indarra ere eman didate laguntza ematen jarraitzeko. Bakarka arazoak konpontzea erraza ez bada ere laguntza oro eskertzekoa da.

P1350991

Beste herrietako errealitateak eta kulturak era ezberdinean ikusten dituzula uste duzu orain?

Bai, jakina. Bidaian joan aurretik banuen lankidetzarenganako interesa. Orain gogo gehiago dut laguntzeko. Hori da bizipen honen helburua. Belaunaldi berriak sentsibilizatu asmoz egiten da ekimena, ondoren lankidetzaren alorrean jarraitzeko. Ez duzu zertan lan egin behar ondoren lankidetzaren munduan baina nik interes berezia dut. Zuk ikusitakoa zure inguruan zabaltzea da helburua, beste errealitate batzuen berri ematea eta kontzientzia sortzea.

Beste herrietako errealitateak eta kulturak era ezberdinean ikusten dituzula uste duzu orain?

Jakina. Ohartu naiz ezagutu gabe ezin ditzakezula beste herrietako kulturak eta errealitateak baloratu. Beraien ikuspuntua barrutik ikustea eta ulertzea beharrezkoa da, nolakoak diren jakitek eta ulertu al izateko.

P1330062

Esperientzia hau gomendatuko zenioke gazteei?

Dudarik gabe! Datorren urtean falta barik izena emateko esango nieke. Bizipen ordainezina da, betirako baliagarri izango zaizuna. Orain ez dakit non bukatuko dudan lanean baina Mozambiken bizitako 3 hilabeteak beti egongo dira nire oroimenean eta altxor baten pare gordeko ditut.

 Kooperanteen testigantza gehiago ikusi nahi?