003

Joane Aurtenetxe Zamudioko 26 urteko gaztea Peruko Lurigancho eskualdean izan da hiru hilabetez, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker umeentzako aisialdiko ekintzak egiten. Heldu berri da etxera eta bere lehenengo inpresioak jaso ditugu.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa nola definituko zenuke?

Munduko beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen duen programa da: beste herrialde batzuetako kultura, ohiturak, hizkuntza, hezkuntza, bizimodua orokorrean ezagutzeko eta gurea ere han ezagutarazteko balio duen esperientzia da. Egoera latzean bizi diren herrialdeekin sentsibilizatzeko eta gu zein pribilegiatuak garen antzemateko aukera ezin hobea.

007

Nolako eragina izan du bizipen honek zure bizitzan?

Nire herrira bueltatu berria naiz, eta ohartu naizen lehenengo gauza zein zorionekoa naizen da. Orain arte ez nituen gauza pilo bat baloratzen, betidanik eduki ditudalako eta niretzako “normala´´ zelako horrela bizitzea. Baina, denetarik edukita ere, ez gara batere zoriontsu eta daukagunarekin ez gara konformatzen; beti gehiago nahi dugu eta berekoiak gara. Nik hiru hilabete hauetan bizi izan dudan esperientziarekin, han ohartu naiz ezer ere ez edukita, pozik bizi direla. Kaletik jendea alai ikusten duzu nahiz eta jateko ez eduki. Emakume eta gizon askok 14-16 orduko lan-jardunaldiak dituzte eguneroko janaria lortzeko eta hala eta guztiz ere, euren etxera gonbidatzen zaituzte bazkaltzera. Jende behartsuena, eskuzabalena da eta horrek pilo bat harritu ninduen.

195

Zeintzuk izan dira bizi izan dituzun unerik onenak?

Niretzako momenturik politenak edo onenak, umeek egunero egiten zizkiguten harrerak ziren: eskolara iritsi, edo eskolarako bidean umeak zu kaletik gelditzea eta besarkadak eta musuak ematea. Hor ohartzen zara zer-nolako maitasun gabezia duten etxean eta besarkada edo musu sinple batek eurentzako duen garrantziaz. Umeekin dantzatzea, abestea, jolastea, hitz egitea… eurekin denbora pasatzea eta transmititzen duten maitasuna jasotzea batez ere izan dira momenturik politenak: zuk maitasuna jasotzen duzulako eta aldi berean, konturatu barik, eurei ere gauza bera transmititzen diezulako; etxean horren falta baitute.

Baita, gela barruan sartzea eta zuk irakatsitako abestiak eta dantzak eurek egitea ere momentu dibertigarriak izan dira; azken finean zuk egindako lanak fruituak eman dituela ikustea eta umeengan garapen bat egon dela antzematea. Herriko jendearekin hitz egitea edota merkatuetan bazkaltzea eta batez ere kulturen arteko trukea egitea, momentu bereziak izan dira.

107

Eta unerik gogorrenak?

Une gogor asko bizi izan ditugu: umeak kaletik eskatzen ikustea, adin-txikikoak jardunaldi luzetan lanean aritzea, umeak eskolara ez joatea etxean laguntzeagatik, emakume gazte pilo haurdun egotea, emakume eta gizon zahar asko lanean edo kaletik botata eskatzen ikustea, higiene falta (umeak zikin egotea, arropa apurtuekin edo oinutsik, umeek hortzak beltzak edukitzea…). Txakur eta katuen gatazkak ere ikusi izan ditugu, ile barik, gaixotasunekin…. Baina gehien mindu gintuena, biztanle haien eguneroko bizitza nolaka den jakitea izan zen eta guk egoera hori aldatzeko ezin genuela ezer egin. 14 orduko jardunaldiak diru gutxi irabazteko, emakumeen egoera, alkohola eta drogekin duten arazoa, tratu txarrak, bortxaketak…en berri edukitzea.

241

Beste herrietako errealitateak eta kulturak era ezberdinean ikusten dituzula uste duzu orain?

Duda barik BAI. Orain arte ez nintzen asko ohartzen beste herrialdeetako bizimoduaz eta egoeraz orokorrean, ni Euskal Herrian bizi izan naizelako betidanik eta hemen dena eskura eduki dudalako. Kanpotarrak ikustean ulertu ahal nuen euren bizimodua jatorriko herrialdeetan ona ez izatea eta bizimodu hobe baten bila etorri izana. Baina orain ia hiru hilabete Peruko zonalde latz batean eman ostean, ulertzen dut jendea handik alde egiten saiatzea. Edonork ez luke eutsiko han bizi duten egoera.

Horrez gain, ez nituen Peruko kultura, gastronomia, ohiturak… ezagutzen eta kulturan, gastronomian, artisautzan eta historian oso aberatsak direla aipatzekoa da.

171

Etxean bueltan, lankidetzaren munduari loturiko egitasmoetan laguntzen jarraitu nahi duzu?

Noski baietz. Programa honen helburua ez da 3 hilabete herrialde batean lankidetzan aritzea eta gero hemen bakoitzak bere bidea jarrai dezala. 3 hilabete hauetan izandako esperientzia lankidetzaren munduan murgiltzeko lehen urratsa da eta jendea bertan lan egiteko animatzeko balio duen giltza. Lankidetza ez da hiru hilabetetan zehar egin behar den zerbait, baizik eta bizitza osoan zehar jarraitu behar dena eta gu, batez ere, horren adibidea izan behar gara orain eta jendeak parte hartu dezan animatu.

Esperientzia hau gomendatuko zenioke gazteei?

Duda barik BAI eta lekua egonez gero, nik errepikatuko nuke!! Niretzako bizitza osoan zehar markatuko nauen esperientzia bat izan da. Guk denetarik edukita berekoiak gara eta hau balio izan zaigu egoera oso latzean bizi diren milaka biztanle daudela gertutik ikusteko. Behin eta berriro familia eta lagunei esan diet denok bizi izan beharko genukeela horrelako esperientzia bat, hain berekoiak ez izateko eta besteen egoera hobeto ulertzeko; azken finean, besteekin sufritzen ikasteko.

Koperanteen testigantza gehiago hemen ikusgai.