zirkozaurre

Bilboko Zorrozaurre auzoan zirkoak bere tokia du. Zirkozaurre deituriko espazioak programazio oparoa eskaintzen du zirku arte eta ikuskizunen alorrean.

Proiektu honen nondik-norakoak ezagutu nahian jo dugu egitasmo honen arduradunengana.

Nola bururatu zitzaizuen zirku arteen espazio bat Zorrozaurrera eramatea?

Zirko tekniketan trebatzeko hainbat ikastaro eskaintzen genituen Kukutzan eta berau itxi ostean Zorrozaurrera gerturatzea bururatu zitzaigun. Gure jarduerak eskaintzen jarraitu nahi genuen eta Zorrozaurre auzoak kultur ekintzak egiten jarduteko ezaugarri egokiak eskaintzen zizkigun.

Zenbat lagunek osatzen duzue Zirkozaurre eta noiztik zaudete lanean auzoan?

Zirkozaurre kultur elkarte bat da eta 2011ko azaroan hasi ginen gure jarduerak eskaintzen. Egun 80 bazkidek, 5 konpainiak eta beste hainbat pertsonek laguntzen dute programatzen ditugun gala eta ate irekietan. Orotara 500dik gora lagun pasa dira jada gure espaziotik.

Argazkia: Zirkozaurre

Argazkia: Zirkozaurre

Zein eratako ikastaroak eskaintzen dituzue?

2014/2015 ikasturterako eskaintzak honako jarduerak biltzen ditu: akrobaziak (jauziak), akrobikotea ( altxaldi akrobatikoak) aire-jauziak, clown, bihurrikatzeak, esku oreka (bertikala), malabarismoa, prestakuntza fisikoa eta malgutasuna. Era berean zirko ikastaroak ere baditugu 3 urtetik gorako neska-mutilentzat.

Horretaz gain, noizean behin, asteburuetako ikastaro trinkoak ere eskaintzen ditugu. Horretarako diziplina ezberdinetan adituak diren pertsonak etortzen dira Estatutik beraien ezagutzak partekatzera.

Nolako pertsonak hurbildu dira zuen ekitaldi eta ikastaroetara eta zelako arrera izan dute zuen eskaintzek?

Bataz beste 3 eta 45 urte bitartean dituzten lagunak gerturatu zaizkigu, Badira zirko arteetan ezagutza dutenak eta konpainiaren batean lanean dihardutenak, baina baita inolako ezagutzarik izan gabe etorri direnak ere. Motibazio ezberdinengatik gerturatzen da jendea: batzuk zerbait ezberdina frogatu nahi dute, beste batzuk kirola egin nahi dute gimnasioetatik kanpo eta badira entseguan jarraitzeko beharra dutenak ere.

Haztegia deituriko erresidentzia programa abian duzue irailaren 30 arte, nori dago zuzendua programa hau eta zein helburu ditu?

Haztegia Zirkozaurreren sorkuntza-proiektu bat da, Eusko Jaurlaritzaren Sormen Lantegiak programak diruz babestutakoa. Haztegiaren barruan, Zirkozaurrek ireki du egonaldi artistikoak egiteko deialdi hau, honako helburu hauekin:

  • Zirku-proiektu artistiko profesionaletako sortzaile, artista eta sustatzaileei ematen zaien laguntza hobetzea, sorkuntzarako leku bat eskainiz Euskadiko Autonomia Erkidegoan.
  • Espazio bat eskaintzea, bertan zirku-artista amateurrek sortze- eta ikerketa-prozesu bat bizi ahal izan dezaten, haien lan-munduratzea errazteko.
  • Programa honetan parte hartzen duten proiektu artistikoei babesa eta aholkularitza ematea, espazioaren plataforma digitalak eta IKT zerbitzuak eskainiz, bai eta Zirkozaurreren prestakuntza profesionaleko programan lehentasunezko sarbidea emanez ere.

Aurtengo ikasturteari begira zein nobedade izango dituzue?

Zenbait sorpresa prestatu ditugu formakuntza profesional espezializatuari begira (Haztegiak ekimenaren testuinguruan), besteak beste, Europako espezialistak etorriko dira malabareak, sormen eszenikoa eta aire dantza bezalako ikastaroak ematera. Era berean asteburuetako ikastaro trinkoen programa ixten ari gara eta gure asmoa, bertikalak, baskula eta aire uztaia eskaintzea dira.