Euskadiko gazteak lankidetzan

Maite Laka Bermeotarra Peruko Yungay herrian dago Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen. Heldu berri da beste 6 gazterekin batera hiru hilabetez bere bizilekua izango den tokira, eta hasierako bere inpresioak jaso ditugu.

Maite: Euskadiko Gazteak Lankidetza programan aukeratua izan naiz eta pribilegio bat da. Peruko iparraldean kokatzen dan herritxo baten bizi gara 7 lagun, Yungay dauka izena. 4000 metro inguruko mendilerro biren artean kokatuta. Niri egokitu jaten proiektuari dagokionez, Serso GKEarenkin nago lanean, San Viator eskolan. Ez zaigu lanik falta, topera gabiltza. Ni eskolak daukan San Viator Irrati/Telebistan lan egiten hasi naiz, klaseak ere ematen eskolan eta baita turismoko beste proiektu batetan. Ordutegiena zoramena da, baina Peruko erritmoak laguntzen du!

Kontaigu zer moduzko hasierako inpresioa izan duzun Perura heltzerakoan, bidaiaren gorabeherak, anekdotak….

Gauez iritsi ginen Limako aireportura eta askorik ikusten ez bazen ere, hasieratik zen dena kontrastea. Trafikoaren zoramena… Bidaia oso luzea izan zen, eta intensoa. Yungayra heldu arte, 3 egun pasatu ziren guztira. Hegaldia, ordu-aldaketa, lehen gaua Colliquen (Serso ONGak beste eskola bat duen Peruko beste herri batean), eta bigarren gaua autobus batetan, eta azkenean helmugara! Lortu genuen ohera sartzea, baina goizeko 5ak aldera oilarrak kantuan hasi eta ezin lorik egin! Eguna egin eta kalera joatean paisaia guztiz ezberdina, beste mundu bat.

maite laka2

Zenbat lagun zaudete proiektuan eta zein da zuen eguneroko martxa?

7 lagun gara Yungayko herrian gaudenak, 4 mutil ta 3 neska, talde ona! Oraindik kokatzen gabiltza, ez da erraza, 5 egunen ostean badirudi ordutegi bat egiteko gai garela, eta hortik ea zerbait argia ataratzen dogun. Sukaldatzeko taldeak egin, merkatura joateko… Orain arte hala ere, esan beharra daukat ederto baten konpontzen garela, eta bikain jaten dogula jejeje. Erosketak egiterakoan beti saiatzen gara zerbait berria erosten probatzeko, eta gitxi-gitxika kulturan integratzen ari gara. Logela bitan banatuta gaude, neskak alde batetik eta mutilak bestetik, azken finean eskolak kutsu erlijiosoa baitu eta nahastea ez dago oso ondo ikusita. Baina, arazo barik, libre gara ia nahi dugun guztia egiteko.

Jende berria ezagutzeko aukera izango zenuen. Kontaiguzu bertako lankide eta proiektuaz zertxobait.

Heldu ahala, proiektuarekin lotuta dagoen gizon bat etorri zitzaigun autobus geltokira bila. Handik eskolara eta egun horretan bertan hasi ziren ongi etorriak eta aurkezpenak. Hiru egun iraun zuten ongi-etorriek. Hemengo jendea oso esker onekoa da, umeetatik hasi eta instituzioetara. Umeak beti besarkadak eta mosuak ematen, ezagutu gaituzten lehen momentutik. Urtero legez Euskal Herriko Kooperanteak datozela dakite, eta gogoz eta eskuak zabalik hartu gaituzte. Harrigarria da umeen esku-zabaltasuna ere, duten guztia, gitxi bada ere, ematen dizute.

Horrelako bidaia eta esperientzia biziko duzun lehenengo aldia al da? Zer azpimarratuko zenueke orain arteko egunez?

Lehen aldia da GKE batekin lanean nabilena, eta hurbiletik ezagutzeko aukera dudana. Bizitzan beste herrialde batzuetara bidaiatzeko eta batzuetan bizitzeko ere aukera izan dut, eta kultura konpartitzeko baina ez orain bezala. Azken finean GKE baten ikuspuntutik ikusten dena ez da turista bezala, edo biztanle moduan ikusten dena. Sozialki dagoen egoera ikusteko zuzeneko aukera ematen du GKE batek, herrialde batek benetan zer nolako beharrak dituen eta horiek hobatzeko egiten diren ahaleginak zeintzuk diren. Hori bizitzeko aukera ematea da azken finean gehien heltzen zaiguna. Peruk kanpoko herrialdeei saltzen dienaz kanpo, hemen dagoen errealitatea eta bizitza ezagutzea. Eta hor sartzen gara gu, nolabait esateko beste errealitate batetik gatozen munduaren beste puntako biztanleak.

maite laka3

 Zer dela  eta erabaki zenuen izen ematea Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan?

Beti erakarri izan nau berriak, ezagutzen ez dudanak, ezberdinak. Eta hortik sortu zait bidaiatzeko afizioa, jendea, hizkuntzak, janaria, ohiturak, azken finean kulturak ezagutzeko eta bizitzeko hala-nolako desio bat. Alde horretatik, aukera bikaina iruditu zitzaidan esperientzia hau, asko ikasiko nuela pentsatzen nuen eta horrek erakarri ninduen parte hartzera. Horri lotuta, bizi garen mundu honetan, beti existitu izan dira ezberdintasunak, gutxi-batzuen pribilegioak, eskubide-zapalketak, eta bizimodua nahi dugun moduan bizitzeko aukera ezak guztizko boterea dutenen aldean. Honek, gizarte ezberdinetan askatasuna erabaki izan du, nire ustetan ezinbestekoa den balore bat mundu honetan elkar bizitzeko. Proiektu honen bidez, beharrizan hauetan guztietan laguntzeko aukera dudala uste dut, nahiz eta oso zaila izan benetako aldaketa bat lortzea. Helburu horrekin, profesional eta pertsona moduan asko ikasiko dudanaren sentsazioa daukat, bizitzako ibilbide honi beste esperientzia berri bat gehitzen diodan artean.”