InterRail bidaia txartelak 40 urte daramatza indarrean. Nazioarteko Trenbide Sareak 1972. urtean abiarazi zuen txartel eskaintza hau gazteentzat, trenbide sarearen 50.urteurrenaren ospakizunen baitan. Berez, uda hartan baino ez zen indarrean egon behar InterRail txartela baina Europako gazteen artean izandako arrakastaren ondorioz  eta gazteek egindako eskaeren ondorioz gaur arte iraun du. Europaren bateratzean zeresan handia izan zuen InterRailek, herrien arteko mugak haustea eta kultura ezberdinetako gazteak batzea lortu baitzuen.

Oso ezaguna izan zen 80 eta 90.hamarkadan eta aldiz hurrengo hamarkadetan beherakada izan zuen, bestelako eskaintzak eta prezioen garestitzea zirela medio.

Batzuentzat InterRail gaztaroarekin loturiko bizipen ahaztezina da, askatasunaren eta abenturaren bidaia. Heldutasunera bidean egiten den trantsizioa, mugarri bat, gurasorik gabe egiten den lehen bidaia.  Kilometroez haratago norbere burua ezagutzeko modu bat, tartean lagun,  kultura eta bizimodu anitz ikusten direlarik begien aurrean.

Bidaiatzea amestea  ere da, libre sentitzea, norbere patuaren jabe izatea. Bidaiari izandako gazteek argi ditu abenturak merezi duela eta irudi eder hauek horren adibide dira.


InterRailen historiaren dokumentala ingelesez