Oihana Kortazar (Elgeta 1984) mendi lasterkaria, txiki-txikitatik izan da kirolzale amorratua. Naturarenganako maitasunak eta bere grinak goi mailako kirolera bideratu du bere ibilbide profesionala. Ibilbide honetan ia-etenik gabe aritu da lasterketetan, baina orain duela 3 urte bezala, bere bigarren haurraren esperoan eten txiki bat egin du lehiaketen zirkuituan.

Amatasuna zuretzat ez da berria bigarren haurtxoaren esperoan baitzaude. Zure kasuan, nola uztartzen dituzu zure ogibidea eta amatasuna?

Aimarrekin, nire lehenengo umea, nahiko erraz moldatu naiz egia esan; nahitaez bizitza, ordutegiak, planak…dena aldatzen zaizu baina ondo antolatuta eta familiaren laguntzarekin, ez da hain zaila. Gainera oso argi izan dut beti umeari ez diodala denborarik kenduko nik entrenatu ahal izateko, amak ama izan behar du, ez da inorengan delegatu behar funtzio hori, baina laguntza beharrezkoa da; beraz, ordutegiekin jokatzea nahitaezkoa da. Bigarrena jaiotzen denean, Aratz, ikusiko dugu nola doazen gauzak, argi daukat lan bikoitza izango dugula etxean, baina seguru moldatuko garela.

Goi mailako kirolean zer uste duzu suposatzen duela ama izateak? Tabu edo isiltasun bat al dago gai honen inguruan?

Nik ez dut tabu edo isiltasunik bizi izan gai hau dela eta, guztiz aurkakoa, miretsiago sentitu naiz eta beti harro esan izan dut ama naizela eta nire ogibidea mendian lehiatzea dela. Uste dut, ama izan ala ez, emakume izateagatik ditugula oztopo gehiago goi mailako kirolean. Ama izateagatik marka edo pertsona batzuentzako erreferente bihurtzen zara batzuetan, eredu bat isladatzeagatik, eta hortaz arro nago.

Kirolari profesional eta aldi berean ama diren emakume asko ezagutzen dituzu?

Ez dira hainbeste ezagutzen ditudan kasuak, guztira gauden emakume kopuruarekin alderatuta. Hala ere, Kirolgi fundazioaren barruan dauden kirolari emakume asko animatu dira azken bi urteetan ama izatera, legedia aldatu zaielako eta beka mantentzen dietelako. Baina hau ez da nire kasua, nire kirolak ez omen ditu Kirolgiren babesa izateko baldintzak betetzen eta ondorioz erraztasun gutxiago daude, argi dago, ez badut lehiatzen ez dut ezertxo ere kobratzen.

Zure familian nolako eragina izan du lasterketetan buru-belarri aritzeak?

Familiako denen babesa eta animoak ditut. Asko errazten dizkidate gauzak eguneroko bizitzan lagunduz eta baita kanpora lehiatzera joaten naizenean, izan ere, gurasoak askotan joaten dira eta baita senarra eta umea ere, niretzako motibazio aldetik hau izugarria da.

Familia, kirola, komunikazioa… denera heltzeko zer behar dela uste duzu?

Egunak eta egunak daude, batzuetan ez naizela denera ganoraz iristen iruditzen zait jeje, baina azkenean…badirudi baietz…eta behar dena ondo antolatzea da, oso kuadrikulatua izan behar da eguneroko bizitzan, eta askotan, gauerako gauzak gelditzen direnez, lo gutxi egitea tokatzen da. Ez dago besterik.

Ama kirolari izateak zein balore erakusten ditu zure ustez gizartearen aurrean?

Uste dut askotan, ama izatea beste gauza asko alde batera uztearekin erlazionatu izan dela, eta agian kirola egitea da haurrak pixkat hazi arte behintzat alde batera uzten duguna. Nire kasuan, kirola da nire lana, eta ez dut alde batera utzi, gizarteari zerbait erakutsi badiot (baina ez naiz inondik inora lehena izan eta ez dut domina hori nire lepoan jarri nahi), “nahi duenak ahal duela” da; horrek ez du esan nahi erraza denik, baina posible da. Aita bati ez zaio sekula burutik pasako kirola uztea umea jaio izanagatik, beraz, guk ere gurearekin jarraitu behar dugu.