Atzera kontua hasita, gure ibilbideko seigarren auzolandegian aurkitzen gara. Adunako gazteei agur esan eta Lekeition gaude. Lekeitioko auzolandegian, hirugarren adineko egoitza dinamizatzeko lanak egiten dituzte. Baina guk ezin izan dugu lan hori ikusi, asteburua izanik gazteek ez baitute lanik egiten. Hala ere, gazteekin mintzatu gara haien betebeharraren inguruan.

Pozik ibili dira gazteak bi aste hauetan Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzan lanean. Aisialdian animazioko ekintzak burutu dituzte hirugarren adineko pertsonekin. Haiekin hitz egin dute, kantatu, kartetan egin, baloiarekin jolastu, estropadak ikustera portura joan dira eta beste hainbat ekintza egin dituzte gazte eta helduek elkarrekin. Bi asteko lanaren ondoren, gazteen balorazioa positboa da eta egindako lanarekin gustura daude. Boluntario taldean pare bat errepikatzaile ere badaude, beraz aurrekoak esperientzia onak izan zirenaren seinale.

Behin egoitzako lana bukatuta aisialdirako aukera aprobetxatu dute gazteek auzolandegiko azken egunetan. Atzo, larunbatean Urkiolako parke naturala eta Gasteiz bisitatu zituzten. Gaur aldiz, eguna gastronomiari zuzendutakoa izan da. Azken otorduari begira, gazteak jatorrika elkartu dira eta haien herrialdeko janari ezagunak prestatu dituzte.(Ikus argazki galeria). Euskaldunak, galiziarrak, valentziarrak, madrildarrak zein andaluzak dira Lekeitioko gazte taldea osatzen dutenak. Pintxoak, patata tortilla, galiziarrak filloak, arroza labean, patatak eta beste hainbat plater prestatu dituzte elkarrekin egingo duten azken afarirako. Eta guk, haien herrialdetako jatekoak dastatzeko aukera izan dugu!

Auzokontalariak ekimenerako Ander Bolibar eta Ane Elordik egindako posta.