Sonia eta Luis Bergarako auzolandegiko bi boluntario dira. Sonia Alicantetik etorri da Euskal Herrira, 26 urte ditu eta oso pozik dago. Harrera oso ona egin dietela dio eta gustura aurkitzen da hemen. Luis aldiz, Sevillatik dator, 18 urte besterik ez ditu baina Mizpirualde egoitzako eguneroko lanean gogotsu aritzen da . Bai Sonia eta bai Luis oso pozik daude Bergaran, asko ikasi dutela baieztatzen dute, eta auzolandegi hau aukeratzeaz harrro daude. Aisialdian egiten dituzten ekintzetan eta euskal kulturaren ezagutzaz aritu gara haiekin.

– Nola joan zen euskal dantzen tailerra?

Sonia: Oso ondo, dantzak erakustera etorri ziren neskak dantza errezenetik zailenera erakusten hasi ziren (Argazki galeria). Nahiz eta hasieran hastea kostatu egin zitzaigun oso ondo pasatu genuen, asko gustatu zitzaigun. Abesti batetik bestera erritmoa aldatzen zen, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun dantzak ikastea.

Luis: Hiru euskal dantza ikasi genituen. Ekintza oso interesgarria izan zen, orain artekoekin alderatuta oso bestelakoa izan baitzen. Nahiz eta oinarrizkoa baino ez genuen ikasi asko gustatu zitzaigun, ez baigenituen ezagutzen.

Bergarako auzolandegi hau aukeratzerako orduan, euskal kultura ezagutzeko aukerak erakarri zintuzten edo lehenagotik ezagutzen zenuten?

Sonia: Auzolandegi hau gaiagatik aukeratu nuen. Arlo soziala lantzen zuen auzolandegi bat nahi nuen eta nire lehendabiziko aukera ezin izan nuenez hartu, plazan zeudenen artean nire gustukoena aukeratzen ahalegindu nintzen. Etxetik urruti zegoen zerbait nahi nuen. Alicantekoa izanik ez nuen iparraldea ezagutzen eta Bergara aukeratu nuen, Euskal Herriko kultura eta paisaiak ezagutzeko gogoz etorri nintzen.

Luis: Ez nuen Euskal Herria, ezta euskal kultura ezagutzen ere eta ezagutzeko gogoa neukan. Momentuz oso pozik nago eta gustuko dut.

Euskal kultura sakonago ezagutuko bazenute egoitzan egin beharrako lana errazagoa izango litzatekeela uste duzue?

Sonia: Nire ustez beharrezkoa da euskal kultura ezagutzea egoiliarrekin egoteko. Izan ere haientzako eguneroko gauza bat da, eta ezagutza hori izanez gero hurbilagokoak izango ginateke. Horregatik haiekin euskeraz abesten saiatzen gara eta haiek erakutsi egiten digute, asko gustatzen zaie guri erakustea.

Luis: Bai, egia da ezagutza sakonagoa izanda errazagoa izango zela. Berriketarako gai gehiago izango genituen eta haien nahia zein den jakingo genuke. Baina guztiok gure aldetik interesa jartzen dugu eta ekintzak ondo irtetzen dira.

– Auzolandegian, denbora librean egiten dituzuen ekintzak lagungarriak ahal dira kulturaren ezagutzan sakontzeko?

Sonia: Bai, ekintzak oso lagungarriak dira, ezagutza soziala, kulturala zein historikoa lantzeko. Oso interesgarria da. Adibidez, goizetan jartzen diguten musika, euskal musika da eta badago abesti bat oso gustuko dudana, Valenciako abesti tradizional baten antza hartu diot.

Luis: Bai, gauza asko ezagutu ditugu. Hainbat herri bisitatu ditugu, adibidez Zumaiara joan ginen eta bertatik Juan Sebastian Elcanoren itsasontzia atera zela jakin genuen. Txakolina bezalako edariak probatu ditugu. Egia da eta nabari da begiraleen aldetik ere guri kulturaren inguruko gauzak erakusteko nahia badagoela.

-Hemen daramatzazuen egunetan ikasi ahal duzue zerbait euskaraz?

Sonia: Bai, oinarrizko hitzak, kaixo, agur, mesedez eta eskerrik asko bezalakoak. “Ez dakit euskaraz hitz egiten” esaten ere ikasi dugu.

Luis: Lau edo bost hitz ikasi ditugu bai, kaixo eta agur eta horrelakoak. Baina horrez gain gauza asko ikasten ari gara. Izan ere oporretan zoazenean leku turistikoak baino ez dituzu bisitatzen eta guk gauzak sakonago ezagutzen ari gara.

Auzokontalariak ekimenerako Ane Elordik eta Ander Bolibarrek egindako posta