Gure helmugara iritsi gara, Mundakara. Mundakako auzolandegia da gure ibilbideko zazpigarren eta azken auzolandegia. Lemoakoa eta Añanako Gesaltzakoa bezala, hau ere nazioarteko  auzolandegia da eta hainbat jatorritako pertsonak aurkitu ditugu bertan; frantsesak, errusiarrak, ukraniarrak eta txekiar errepublikakoak besteak beste. Oso aberatsa kulturen arteko bizikidetza.

Nahiz eta auzolandegia Mundakan finkatuta egon, eskualde mailan egin dute lan, hau da Busturialdean. Aisialdian, haur eta gazteeen dinamizazioa aurrera eramaten aritu dira auzolandegiak iraun dituen aste bietan zehar. Gustura ibili omen dira boluntarioak zein haur eta gazteak ere.

Baina bi aste elkarrekin igaro ondoren, agur esateko garaia iritsi da. Ostirala izan zuten azken lan eguna eta orduantxe agurtu zituzten ume eta gazteak. Gaur berriz boluntarioen agurraren eguna da. Hamalau egunetan zehar elkarrekin bizi izan dira, guztia elkarrekin egin dute, jan, lo, barre zein negar. Batzuk lagun ere bilakatu dira. Agur berezia izan dadin jaialdi bat prestatu dute gazteek gauerako. Atzo, Lekeitioko auzolandegian egin zuten bezala, gaur ere Mundakan jatorrika elkartu dira eta haien herrialdeko jatekoak prestatu dituzte afarian guztiok dastatu eta jateko. Horrez gain, bakoitzak bere herrialdeko jantzi tradizionalak egin ditu eta lagun ezkutuko opariak ere eman eta jasoko dituzte.(Ikus argazki galeria).

Auzolandegia hamalau eguneko oporraldia izan daiteke batzuentzat, edo lagunak egiteko aukera, edo herrialde berri bat ezagutzeko aukera beste batzuentzat. Baina auzolandegietan parte hartu duten gazte guztiak bat datoz zerbaitetan, auzolandegi batetan parte hartzea esperientzia ahaztezina dela, eta askok errepikatzeko asmoa dute.

Auzokontalariak ekimenerako Ander Bolibar eta Ane Elordik egindako posta.