Bergarako auzolandegia atzean utzita Gipuzkoan barrena jarraitzen dugu. Arlo soziala pixka bat alboratuz mendiko lanetara bueltatu gara. Oraingoan Adunara etorri gara, Tolosaldean dagoen herri txiki bat da Aduna. Billabona, Andoain eta Tolosarekin egiten du muga. Bertan memoria historikoarekin harremandutako auzolandegia dago.(Ikus argazki galeria). Gazteen lana Gerra Zibileko lubakiak garbitu eta berreskuratzea da. Gure bidaiaren hasieran, Lemoako auzolandegian antzeko lanetan zebiltzan gazteak ezagutu genituen.

Gerra Zibilaren garaian Adunako Belkoain mendian, frankisten aurkako erresistentzia aurrera eramateko  errepublikaren aldekoek lubakien bidezko babes sistema eratu zuten. Beraz, auzolandegiko boluntarioen lana lubaki horiek garbitzea eta ondarea berreskuratzeko lanak egitea da. Hamar bat egun daramatzate lanean eta gaurkoan lehendabiziko aldiz, orduko zenbait arrasto aurkitu dituzte, berrogeitik gora bala zorro aurkitu dituzte. Gazteak pozik dabiltza lubakietan lanean, bala zorroak aurkitzeak ere motibatu egiten ditu.

Espainiar estatuko hainbat tokitatik etorritako gazteak bildu dira Adunan. Askok Gerra Zibila eta arkeologia lanak gogoko dituzte eta fin dabiltza lanean. Hirugarren lubakia da orain garbitzen ari direna. Lehenago, beste bi lubakietan aritu ziren gazteak, baina bertan arrastorik ez aurkitzean, beste lubaki batzuetan lanean hastea erabaki zuten. Landa-lana aurrera eramateko orduan, Aranzadi Zientzia Elkarteko zenbait adituk gazte taldea gidatzen dute.

Auzokontalariak ekimenerako Ander Bolibar eta Ane Elordik egindako posta