Aurten Gazte Informazio Zerbitzuak 30 urte betetzen ditu. Apirilaren 17an Europako Gazte informazioaren Eguna ospatzen da, gazteek informazioa jasotzeko duten eskubidea ezagutarazteko asmoz. Euskadin guztira 70 Gazte informazio bulego daude Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban banaturik. Bulego hauetan erabiltzaileek egiten dituzten galderak eta eskariak erantzuten dira, aurrez-aurre zein telematikoki.


Baina egin dezagun denboran atzera. 80. hamarkada hasieran, krisi ekonomiko bat tartean (egun bizi dugunaren antzekoa), sortu ziren lehendabiziko Gazte informazioa bulegoak Estatuan eta Euskadin, Frantziako eta Italiako ereduak aintzat hartuz. Helburua argia zen, gazteei informazio ulerterraz, argi eta kalitatezkoa helarazi behar zitzaien, zituzten aukera guztiak ezagutarazteko eta etorkizuna eraikitzen laguntzeko. Garai hartan gazte informatzaileek, egunkariak eta BOEak fotokopiatu eta faxez bidaltzen zituzten bulego ezberdinetara. Portugalete, Barakaldo, Tolosa, Legazpi, Hondarribia eta Arabako Lurralde Zentroa izan ziren Gazte bulegoak zabaltzen lehenak. Ondoren beste asko etorriko ziren (70 bulego daude egun).

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=v1vQg69P10M&feature=share&list=PLE369F33F8E6792D6[/youtube]

2004. urtean onartutako Gazte informazioaren Europako Gutunak, (Eryica), gazte-informazioa eskubide bihurtzeko bideak ireki zituen. Informazioa bazterketarik egin gabe, berehala, erabiltzaileen beharrak kontutan hartuz, errespetuan oinarrituz, esker onez, konfidentzialtasuna babestuz, profesionaltasunez, informazio osatu eta objektiboa eman beharra zehazten zuen gutun honek. Parte hartzea, sareko lana eta IKTen erabilera ere aintzat hartuz.

Azken 30 urteotan Gazte informazioak aldaketa ugari izan ditu, beti ere beharrizan berrietara egokituz. Gaur egun Gazte informazio zerbitzuek sareko tresnak eta aurrez-aurreko lana konbinatzen dituzte. Internetek informazioaren bilaketan eta zabalkundean ate ugari zabaldu baditu ere, sarean dagoen informazio asko ez da fidagarria eta ez du inolako iragazkirik pasatu. Informatzaileen zereginetako bat gazteei kalitatezko informazioa eskaintzea da.

Sareko tresnen artean, Gazte informazioak web orri osatu bat eskaintzen du, bere bilatzaileari esker, erabiltzaileek beharren arabera bilaketak egin ditzakeelarik.