2012a amaitzearekin batera urteko balantzea egiteko ordua iritsi zaigu Gazteaukeran. Urte oparoa izan da, proiektu berri eta interesgarriak lantzeko aukera izan dugulako. Horretaz gain, gure informazioa zabaltzeko erabiltzen ditugun kanalek harrera ona izan dute, eta sare sozialetan dugun presentzia gero eta nabarmenagoa da.

Informazioa zabaltzeko erabiltzen ditugun sare sozialek marka berriak hautsi dituzte: 2.213 jarraitzaile Twitterren, 4.657 Facebooken, eta 190 lagun Tuentin.

2012ko proiektuen artean, Gazte Olimpic Team ekimena nabarmendu nahi dugu. 8 blogari gazte Londresen antolatutako Olinpiar Jokoetan eta Joko Paralinpikoetan egon ziren, eta gure blogean, Flickr kontuan eta Youtuben dugun kanalean eman zuten han ikusitakoaren berri.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako parte-hartzaileen bizipenak ere jaso ditugu beste behin. Elkartasunez eta esperientzia ahaztezinez beteta dauden kontakizunak dira.

Gazte-txartelak 25 urte bete ditu 2012an, eta festa handi batekin ospatu zuten, azaroan, Bilbon. Ohiko deskontu eta lehiaketez gain, Ekiozu! programa jarri dute abian, bidaiak, argazkigintza, antzerkia eta telebista arloekin lotura duten lehiaketak antolatuta.

Europar Batasunean gazteen artean lankidetza sustatzea eta babestea helburu duen Gazteak Ekinean programaren baitan, gazteek bidalitako bizipenak bildu ditugu “Mugi Europan” atalaren baitan. Gazteak Europan Zehar bideoa ere sortu genuen, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko.

Gazte informazioa” atalean, gazteekin lotura duten informazio eta deialdi ugari bildu ditugu, gazteei informazioa, aholkuak, orientazioa eta laguntza emateko.

Azkenik, 2012an zehar eskaini diguzuen laguntzagatik eskerrak eman nahi dizkizuegu, eta 2013an elkarlanean jarraitzeko gogoa agertu.

Zorionak eta urte berri on!