‘Hamaika jarrera, hamaika aukera!’ izenburupean egiten ari dira, hirugarrenez, Beldur Barik! Eudelek antolatutako programa. Indarkeria sexistaren aurkako programa honek lehiaketak, topaketak eta hezkuntza ekimenak bultzatzen ditu, gazteen jabekuntza prozesua indartzeko. Honela, errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzea du helburu.

Komikietako estetikaren ukitua du aurtengo programaren irudiak, eta eguneroko bizitzako hainbat egoeratan ‘heroi’ modura ageri diren neska gazteak erakusten ditu, irudi errealak eta marrazkiak erabiliz.
http://youtu.be/gm2rP4SxGkI

12 eta 26 urte bitartekoentzako ikus-entzunezkoen III. lehiaketa antolatu dute aurten, eta parte hartu duten lanak ikusgai daude dagoeneko. Guztira, hiru sari banatuko dituzte, horietako bi 1.000 eurokoak. Ikus-entzunezkoen arloan adituak diren kideek eta erakundeen ordezkariek osatutako epaimahai batek emango du sail horien gaineko epai ofiziala (azaroaren 16tik 19ra bitartean). Gainera, beste sari bat ere izango da, 300 eurokoa, Beldur Barik programaren YouTubeko kanalaren bidez egingo den herri-bozketa bidez (azaroaren 14ra bitartean) aukeratutako lanarentzat.

Azaroaren 10ean, bestalde, flash mob-a egingo dute, euskal hiriburuetan. Bilboko Plaza Barrian 12:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan 18:00etan eta Donostiako Boulevardean 12:00etan egingo dira ikuskizun horiek. Ekimen honen helburuak kalea okupatzea, indarkeria matxistaren kontra mobilizatzea eta elkarrekin gozatzea dira.

Flash mob-a egin ahal izateko, ‘Telephone’ Lady Gagaren abestiaren bertsio bat aukeratu dute. Artista estatubatuarrak “Beldur Barik mezua eta jarrera” dituelako aukeratu dute kantu hau. Raketa Brokobitx aktore eta performer-arekin lan egiteko aukera aprobetxatu nahi izan dute, eta koreografiak ikasteko aukera eskaini dute dagoeneko.

Hainbat udalerritan antolatzen diren lehiaketei buruzko informazioa ere eskaintzen dute bere webgunean.

Eudelek bultzatu eta Berdinsarearen ekimenez antolatutako programa da Beldur Barik. Emakunderen, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza du. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta EITBk ere parte hartzen dute.