Oraindik otsailean gauden arren udako planak egiten hasi gara Gazteaukeran. Dena prest izateko, garaiz ibiltzea komeni da eta. Aurten, ohiko programez gain, zenbait berrikuntza eta sorpresa izango ditugu gure egitarauan.

2012ko Londresko Joko Olinpikoetara bidaia


Alde batetik, Londresko Joko Olinpikoetara joateko aukera eman nahi dizuegu eta horretarako lehiaketa bat abian jarriko dugu martxoaren 1etik apirilaren 12a bitartean. Egitasmo hau Basque teameko euskal kirolariekin elkarlanean egin dugu eta 8 gaztek izango dute Londresko Joko Olinpikoetara eta Paralinpikoetara gerturatzeko aukera.

Lehiaketa honen lehenengo fasea abian da, eta otsailaren 29a bitartean kirol galdera bati erantzuten dioten Gazte-txarteldunen artean, “Gazte Olimpic team” kirol arropa zozkatuko dugu.

Ondorengo faserako, martxoaren 1etik aurrera jakinaraziko dugu nola parte hartu Londresko Joko Olinpikoen lehiaketan. Adi egon!, Gazteaukerako Facebooken eta Basque Teameko Facebooken emango ditugu xehetasunak. Oraindik ez bagaituzu ezagutzen jarrai gaitzazu :).

Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan kartel lehiaketa


2012ko Auzolandegietako eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako kartelen bila gabiltza. Baina oraingoan zuk egindako kartelak jaso nahi genituzke. Horretarako teknika ezberdinez baliatu zaitezke: argazkia, marrazkia, collagea…

Guztira 4 proposamen bidali ditzakezu bi Auzolandegien kartelerako eta beste bi Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako. Kartelaren neurriak 70×50 zentimetrokoa izan beharko du, formatu digitalean, eta irudiarekin batera lelo bat proposatu beharko duzu. Kartelak bidaltzeko epea otsailaren 6tik martxoaren 6ra bitartekoa da. Hemen dituzu oinarriak.

Kartel bakoitzaren irabazleek beraiek hautatzen duten *Latinoamerikako herrialde batera joateko joan-etorriko hegazkin txartela irabaziko dute. Bidaia 2012ko uztailean egin beharko dute irabazleek.

*Bi irabazleek bidaia aukeratzeko beta izango ditu, 2012an Lankidetza programa bat egingo den Hego Amerikako herrien artean. Ez dute lankidetza programan parte hartuko. Norberak bere kaxa egiteko bidaia izango da.
Ideia bat egiteko, joan den urteko herrialdeak honako hauek izan ziren: Argentina, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Haiti, Honduras, Mexiko, Paraguay, Peru, Venezuela.