18 urteko Sara Fantova gazte bilbotarrak oso gustuko du argazkiak ateratzea eta zinemazale amorratua ere bada. Batxilergoa amaitu ostean, eta unibertsitatean hasi aurretik, urtebetez Europako Boluntario Zerbitzuan parte hartzea erabaki zuen. Mazedoniako hiriburuan bizi da egun. Bertako paisaia elurtuak lagun dituela mintzatu zaigu bere eguneroko bizitzaz.

Noiztik daramazu Mazedonian eta zein programatan parte hartzen ari zara?

Urritik nago Macedoniako hiriburuan, Skopjen. Bi programetan parte hartzen ari naiz, lehenengoa “VOICES” deituriko aldizkari bat da. Bertan europako beste herrialdetatik etorritako boluntarioak eta boluntario lokalek idazten dute. Doako aldizkaria da eta gaiak gazteen inguruan mugitzen dira. Honetaz aparte ume ijitoekin lan egiten ari naiz astean lau egun. Ume hauek ez dira eskolara joaten, baina gurasoek zentro hauetara bidaltzen dituzte hemen janaria, arropa eman eta garbitzen dituztelako. Kaleko umeak dira, eta baldintza oso txarretan bizi dira.

Zer dela eta erabaki zenuen EVS Skopje programan izen ematea?

EVS (European Voluntary Service), Europako edozein herrialdeetan egin ahal da. Nik urte honetan ez nuen unibertsitatea hasi nahi, eta aukeren bila hasi nintzen. EVS topatu nuen eta ez zitzaidan axola nora joan. Gutunak bidaltzen hasi nintzen eta Skopjen hartu ninduten. Beraz apur bat kasualitatea izan da.

Kontaiguzu nolakoa den zure egun arrunt bat Skopjen

Esnatu (ez oso goiz), gosaldu eta “Daily Centre”ra noa. Bi desberdinetara noa, beraz egun batzuk Kisela Voda auzoan pasatzen ditut eta beste batzuk Abtokomanda auzoan. Han umeekin tailerrak egiten ditut. Irtetean hirurak inguru etxera bueltatzen naiz, jatera. Edo bestela bulegora noa Macedoniar hizkuntzako klasera. Arratsaldeak inoiz ez dira berdinak. Batzuetan kalera irteten gara (beste 6 boluntariorekin bizi naiz), kontzertutara, tabernetara… eta beste batzuetan etxean geratzen gara.

Zure Blogean, “Historias de Macedonia” argazkiak, bideoak eta post ugari idazten dituzu. Zer dela eta erabaki duzu blog bat zabaltzea?

Skopjen pare bat aste eman nituenean blog bat irekitzeko ideia pasatu zitzaidan burutik. Hau ere eguneroko bat bihurtu da. Ia egunero idazten dut, eta honela 9 hilabete perfektu gogoratuko ditut. Ez dut esperientzia honi buruz ezer ahaztu nahi. Eta blogak honetan lagunduko dit.

Zer ikasi duzu orain arteko esperientzia honetaz? beste horrealako esperienatziarik bizi izan duzu noizbait?

Mota honetako lehen esperientzia da nire bizitzan. Eta gauza asko ikasten ari naiz, ez dira unibertsitatean ikasten dituzun gauzak, baina alde batetik garrantzitsuagoak iruditzen zaizkit. Jende interesgarri asko ezagutzen ari naiz, ni baino askoz gehiago bizi duen jendea. EVS guztia gauza berriak barneratzea da, bizitzari buruz, ezagutzen ez nituen herrialdeei buruz, kultura eta hizkuntza oso desberdinei buruz, umeei buruz, elkarbanatzeari buruz, etxetik urrun bizitzeari buruz, daukadan diru urria nola erabiltzeari buruz, bizitzako gauza txikiez gozatzeari buruz…

Gomendatuko al zenioke gazte bati boluntariotza programa batean izen ematea? Zergatik?

Edonori gomendatuko nioke, momentuz bakarrik EVS ezagutzen dut boluntariotzaren adarrean, eta edonori gomendatuko nioke. Oso esperientzia aberasgarria da. Eta milaka gauza egiteko aukera ematen dizkizu, zure proiektu pertsonalak aurrera eramateko aukera, hizkuntza eta herrialde desberdin bat ezagutzeko aukera, jende berria ezagutzeko aukera, bidaiatzeko aukera, zure burua garatzeko aukera.

Beste zerbait gehituko zenuke Macedoniako esperientziaren inguruan

Bidaiei buruz: Hemen egonda Bilbon nengoenean baino herrialde gehiago bisitatzeko aukera izan dut. Auto-stop eta “couch surfing” ezagutu ditut, eta honekin ikasi dut oso merke bidaiatzeko aukerak daudela. Dagoeneko Serbian, Bosnian eta Kosovon egon naiz. Eta hurrengo hilabeteetarako Turkia, Grezia, Bulgaria, Errumania eta Albania ditut buruan. Dena ia dirurik gabe.

Proiektu pertsonala: Argazkilaritza gustuko dut, eta orain umeak nire bizitzaren parte bihurtu dira ere, beraz bi gauza hauek batera jartzeko ideia izan nuen. Lan egiten ari naizen umeekin proiektu bat aurrera eramatea pentsatu nuen, aldi baterako kamerak emango dizkiet. Umeek kamera hauek etxera eramango dituzte eta han bere familia, gauza gogokoei buruz argazkiak aterako dituzte. Azkenean argazki guztiekin erakusketa bat egingo dugu, ijitoen bizitza nolakoa den erakusteko baina ume baten ikuspuntutik.