Gabonetako iragarkiek sentimenduz beteriko mezu ugari plazaratzen dizkigute, gure baitan, familia balioak eta elkartasun sentipenak piztu asmoz. Baina ez gaitezen engainatu, iragarkion helburua argia baita; Gabonen aitzakian inolako kontrolik gabe erostera bideratu nahi gaituzte, horren ondorio sozial eta ekologikoetan erreparatu gabe.

Oso gutxitan pentsatzen dugu benetan publizitateak eta erakusleihoek eskaintzen dizkiguten produktuak behar ditugun eta erosketak egitearen ondorioak zeintzuk diren. Has gaitezen pentsatzen.

DIY ( Do it yourself)  edo zeuk egindako oparitxoak aukera paregabea dira ohiko erosketei aurre egiteko. Zure irudimena lantzea baino ez duzu eta horretarako Interneten web orri ugari dituzu ideia ezberdinekin.

Opari bat erosi aurretik, gogoeta egizu…

  • Ezer erosi aurretik ondo pentsatu  produktua erostea beharrezkoa den edo norberak eginiko beste zerbait egokiagoa den. Etxean behar ez dituen zenbait gauza probetxuzkoak izan daitezke besteentzat eta zure irudimena erabiliz gauza ederrak egin dizakezu.
  • Produktua erosteko erabakia hartu baduzu, produktuaren fabrikazioaren berri izatea komeni da; ingurumena edo giza talderen baten eragin duen jakitea
  • Era beran, ingurumenean produktuak dituen ondorioak aztertzea koneni da
  • Garrantzitsua da jakitea inguruan ekoizturiko produktuak jasangarriagoak direla atzerrian eginikoak baino.

Erosketak egoteko asmoa badugu, non egin ditzakegu?

Merkatalgune handien ordez, erosketak egiteko aukera ugari dugu beste hainbat saltokitan:

  • Auzoko dendetan eta Gabonetako merkatuetan eros dezakegu
  • Nekazaritza ekologikoan oinarrituriko jakiak eros ditzakegu. Jaki hauek osasuntsuagoak izateaz gain, ingurumenarekin jasangarriagoak ere badira, pestizidak eta ongarri artifizialak ez dituztelako erabiltzen.
  • Bidezko merkataritzako produktuak saltzen dituzten dendetara jo dezakegu. Denda hauetan era ekologikoan ekoizturiko produktuak lor ditzakegu, produktuen ekoizleek soldata duina jaso dutelarik.
  • Kontsumo talde bateko partaide eginez ekoizleak zuzenean ekoizturiko produktuak jasoko dituzu zure otzaratxoan, bitartekaririk gabe. Ekoizpen ekologikoan oinarrituko jakiak izango dira gainera.
  • Truke merkatuetan parte hartu dezakegu. Helburua, kontsumismoari aurre egitea da behar ez ditugun produktuak trukatuz, eta berauen bizitza luzatuz.