Maialen, Amaia eta Sergio izan dira auzolandegietako argazki, idazlan eta bideo lehiaketan garaile suertatu diren gazteak. Ikasturte berrian buru-belarri sartuta dauden arren, udako bizipenen berri ematerako orduan irribarrea datorkie hirurei aurpegira.

Amaia Islandian izan zen udan, ingurumenarekin loturiko auzolandegi batean. Lagun batek duela pare bat urte bertan izandako esperientziak bultzatu zuen auzolandegi honetan izen ematera. Irlara eginiko bidaia zoragarriaz mintzo da. “Auzolandegian, munduko bazter ezberdinetatik etorritako gazteekin bat egiteko aukera izan nuen”. Naturaren handitasunarekin, iparraldeko kulturarekin eta egun amaigabeekin txundituta, berriz ere bueltatzeko gogoz dagoela esan digu.

Bigarren aldiz errepikatu du auzolandegien esperientzia Sergiok. Valentziako kostako Carpe herrira bidaiatu du aurtengoan. Aurreko urtean izandako bizipen onak tarteko, arkeologiarekin loturiko auzolandegi batean izen eman zuen. Arkeologia lanetan aritzea eta herriaren historia ezagutzea interesgarria iruditzen zaio eta baita indusketa-gunearen kontserbazioan laguntzea ere. Bere esanetan, auzolandegietan oso gutxirekin asko ikasten duzu.

Maialen desgaitasunak eta artea uztartzen dituen auzolandegian izan zen Valentzian. Esperientzia oso aberasgarria izan dela aipatu digu, asko ikasi duela beraiengandik. “Espresatzeko arazoak dituzten arren gu bezalakoak dira desgaitasunak dituzten pertsonak” esan digu. Eguneroko irteerez gain, auzolandegian musika eta margogintza bezalako diziplinak erabili dituzte sentimenduak adierazteko.

Hiru gazteek beraien ikasketekin jarraitzeko asmoa dute; Industria antolamendua, Kimika eta Medikuntza ikasketekin, baina etorkizunari begira, berriz ere horrelako ekimenetan parte hartzeko ateak zabalik dituzte. Irabazitako saria (netbook bana), baliagarri izango zaiela esan digute apunteak hartu eta lanak egiteko. Zorionak!