Zelanda Berrian egindako Kiwizibidaia. Mikel Bringas txiki-txikitatik izan da kirolzalea. Bere zaletasunak animaturik  ikasketak esparru horretara zuzendu  zituen eta egun, kirola eta mugikortasun jasangarriaren aldeko egitasmoak abian jartzen lan egiten du.

Lagunekin, bikotearekin zein familia osoarekin munduan zehar bidaiatzeari ekin zion duela zenbait urte bizikleta garraiobide zuela.  Urrun zein hurbil, txoko ezberdinetan izandako bizipenak bizibidaia blogean ikusgai daude.

Zer aurki genezake bizibidaia blogean?

Bizibidaia bloga komunikazio tresna bat da eta gure bidaien kontakizuna eskaintzen du. Duela  laupabost urte abiarazi genuen, bizikletaz eginiko bidaien inguruko informazioa eman eta biltzeko asmoz. Bizikletan gabiltzanok “bitxo arraro” batzuk gara eta blogaren bidez, adiskide senide eta bestelako pertsonek gure zaletasunaren eta ibilbideen berri izan dezakete. Informazio tresna baliagarria dela uste dugu.

Zenbat denbora daramazue munduan zehar bidaiatzen eta zergatik bizikletaz

96an ekin genion bikotekideak eta biok bizikletan bidaiatzeari eta ordutik ez gara pedaletatik jaitsi. Zaletasuna pizten eta indartzen joan da apurka-apurka eta orain umeak ditugula beraiekin bidaiatzen dugu. Garraiobide ekologiko eta osasungarria da. Balore positiboak indartzeko oso tresna aproposa da bizikleta, duzuna elkarbanatzen eta gutxirekin bizitzen erakusten dizulako.

Munduan zehar  hainbat bidaia egin dituzue, eta besteak beste Kuba, Costa Rica,  Zelanda Berria zein Asian barrena ibili zarete… gazteentzako ibilbiderenbat gomendatzerik?

Bizikletan lehendabizikoz dabilenarentzat edo diru gutxi gastatu nahi duenarentzat Euskal Herriko itzulia gomendatuko nioke. Hilabete inguruan paraje zoragarriak ikusteko aukera eskaintzen du ibilbide honek. Urrunago joateko asmoa dutenentzat ostera,  Asiako Hego Ekialdea, Singapur, Malasia Kanbodia, 2 hilabete inguruko ibilbidea da berau.

Munduan zehar bizikletaz bidaiatzeko ba al da go couchsurfing antzeko sarerik?

Warmshowers,  txirrindularientzako ospitalidade sarea da. Ospitalidade elkartea,  couchsurfing-aren txirrindularientzako bertsioa. Doako zerbitzua da, zerrenda batean sartu eta aldez aurretik bisitatu nahi duzun herriko pertsonekin harremanetan jartzen zara. Hortik aurrera bakoitzak ahal duena eskaintzen du, gela bat, sofa, kanpin denda jartzeko belardia…..  Guk asko erabiltzen dugu sare hau gure bidaietan eta oso ondo funtzionatzen du.

Zein izango da zuen hurrengo ibilbidea?

Bizibérica da gure hurrengo proiektua. Iberiar Penintsula zatika egiteko asmoa dugu beste familia batzuekin, haur eta guzti.