Haritz Rodriguez Euskaltube ren arduradunak, berriki abian jarri du Tokitan.tv web telebista. Proiektu honen inguruko nondik norakoak jakiteko asmoz galderatxo batzuk egin dizkiogu.

Zein asmoarekin jarri duzue Tokitan.tv proiektua abian eta zer dela eta bidaiak?

Tokitan.tv , bere leloak dioen bezala, “bidaiari txikientzako abentura handiak” kontatzen dituen web telebista bat da. Ohituta gaude telebistan bidaiari handiek eta eliteko kirolariek egiten dituzten bidaia eta erronkak ikustera. Baina Tokitan.tvko kapituluetan agertzen direnak ez dira muturreko bizipenak, edonork izan ditzakeen abenturak baizik. Bidaiak eta informazioaren eta komunikaizioaren teknologiak uztartzen ditu egitasmo honek. Niretzako, blogen esentzia bitakora koadernoarena da. Beti gustatu izan zaizkit bidaian ari diren bitartean bere esperientziak zuzenean blogean kontatzen dituzten blogariak. Bestalde, gaur egun ikusentzunezko euskarriek indar handia dute. Horregatik, orain urte eta erdi inguru, bidaiak, ikusentzunezkoak eta Internet uztartuko zituen egitasmo hau abian jartzea erabaki nuen.

Zer eskainiko dio bidaia zale bati gune berri honek?

Ia denok gara bidaia zaleak neurri handi edo txikiagoan. Etxetik irten eta mundu berriak ezagutzeak zirrara eragiten digu. Tokitan.tv-k ekoitzitako 32 kapitulu argitaratuko dira lehenengo denboraldian, eta denetariko bidaiak biltzen dituzte: Bidaia luzeagoak, helmuga exotikoagoetan egindakoak, baita egun beteko txango edo irteerak ere, askotan etxetik gertuago. Itsaso Joniarreko uharteak belaontzian, 3.000 metroko mendiak Piriniotan, urpekaritza Almerian, errepidez Marokon, surfa Lapurdin, piraguaz euskal kostaldean… besteak beste. Bideoetan kontatzen direnez gain, bidaian ari garen bitartean sare sozialak erabiliko ditugu helmuga ezberdinen berri zuzenean emateko.

Gainera, webguneak aldizkari elektroniko gisa ere funtzionatzen du, bertan argitaratzen baitira bidaien inguruko albiste interesgarriak. Tokitan.tv-k erabiltzaileen parte hartzea ere bultzatu nahi du, eta horretarako “Zuen bideoak” izeneko atala egongo eskuragarri. Atal honen bitartez, edonork bere opor edo bidaietako bideoak bidal ditzake, eta Tokitan.tv-n argitaratuko dira. Alderdi geografikoak ere indar berezia du. Bideo bakoitza bere maparekin argitaratuko da, eta gainera gertutasunezko bilaketak egin ahal izango dira: informazioa, argazkiak, mapak. QR kodeen eta GPX fitxategien bitartez, gainera, erabiltzaileak bideoetan deskribatzen diren tokien kokalekua jaitsi dezake bere gailu eramangarrira, GPS edo sakelako telefonora.

tokitan.tv

Tokitan.tv abian izan aurretik beroketa lan bat egin duzue sarean, giza sareetan batez ere, zein asmorekin?

Orain hilabete inguru hasi abiatu genituen Twitterreko erabiltzailea eta Facebook-eko orrialdea. Denbora tarte horretan, komunikatzeko balio izan dute sare sozial horiek, eta jendeari proiektuaren berri emateko. Gainera, aurkezpen trailer bat ere sareratu genuen. Trailer horrek Tokitantv-ren filosofia laburbiltzen du, eta ginera jendearen ikusmina pizteko ere balio izan du. Pare bat astetan 12.000 aldiz ikusi zen bideoa.

Nortzuk osatzen duzue lantaldea?

Tokitan.tv “do it yourserlf” esamoldearen erakusgarri da. Izan ere, pertsona berdinak garatu ditu egitasmoa osatzen duten alderdi nagusiak: Bideoak grabatu, aurkeztu eta editatu, webgunea prestatu, informazioaren arkitektura osatu. Diseinuari dagokionean jaso dugu laguntza batez ere, azken atonketa lanetan Goio Telletxea eta Mikel Plaza dizeinatzaileek asko lagundu gaituzte. Bestalde, lantaldea pertsona bakar batek osatzen badu ere, bideo bakoitzean agertzen diren bidailagunek maiz lagundu izan gaituzte. Horiei guztiei esker bereziak eman nahi dizkiet, haiek ere direlako Tokitan.tv-ren parte, eta beren konpainiarik gabe abentura hauetako asko ez baitziren posible izango.

Bestalde, Tokitan.tv-k bidaien inguruko komunikazio zerbitzu profesionalak eskaintzen ditu. Horiek gauzatzeko, sektore ezberdinetako freelanceekin eta enpresekin elkarlanean egiten dugu lan.

Bideo formatuko kapitulu ugari grabatu dituzue, baina zeitzuk dira etorkizunari begira ikusten dituzuen erronkak?

Urte eta erdi aritu naiz egitasmoaren alderdi ezberdinak lantzen. Orain, 32 kapitulu prest daude astean bana argitaratzeko. Bideoak editatuta dauden arren, orain beste lan batzuk daude egiteke. Webgunea bera kudeatu; kapitulu bakoitzerako euskarazko, ingelesezko eta gaztelaniazko azpitituluak sortu, aldizkaria bera edukiz elikatu, sare sozialetan ikusleekin komunikatu, blog idatzia kudeatu…

Etorkizunera begira, dagoeneko bigarren denboraldiko kapituluak ere grabatzen ari naiz, hala nola, joan den astean Turkian barrena belaontzian egindako bidaia, Cabañeros-eko Parke Nazionalean -Gaztelako Serengeti deitzen dioten horretan- egindako safaria edo Bordele inguruan egingo dudan bizikleta bidezko bidaia.

Beste erronka batzuk ere badira, finantzaketa planean koka daitezkeenak gehiago. Horien artean, babesleak eta publizitatea lortzea eta zerbitzu profesionalak garatzen jarraitzea azpimarratuko nituzke. Gainera, telebista ezberdinekin harremanetan gaude lehen denboraldiko kapituluan pantaila txikian ere ikusgai egon daitezen.