ingalaterraBere neurriko boluntariotza proiektua aurkitu du Eneritz Ibarrak (25 urte, Eibar). Ingurugiro zientziak ikasi ditu eta, joan den urtarriletik, Oakham-en (Ingalaterra) dago ingurumenarekin lotutako egitasmoak lantzen bertako eskola eta institutuetan. Boluntariotza proiektu batean murgiltzeko lehen pausuak nola eman zituen eta bere eginkizuna zertan datzan azaldu digu Eneritzek:

“Unibertsitateko ikasketak bukatu eta ikasten jarraitu nuen baina hala ere ez nuen nere burua bete-betean lan munduan sartzeko momentua ezta modua ere ikusten. Ingurugiro zientziak ikasi ostean ez nengoen enpresa batean lanean hasteko prest eta ez nuen aukera larregirik inguruan. Hortaz boluntariotza proiektuen bila aritu nintzen aldi batez Bilboko EYCI elkartearekin topo egin nuen arte. Eurek Europako Boluntariotza Zerbitzuan parte hartzea proposatu zidaten eta ondoren paper guztiak betetzen eta beharrezko kontaktuak egiten ere lagundu zidaten, proiektu honek Europan zehar banatutako bi elkarteren elkarlana eskatzen baitu”.

Baliabideak bilatu, dirulaguntzak lortu, gazteen iritzia bildu, Ingurugiroaren Eguna antolatu… eginkizunik ez zaio falta. Ematen du aspertzeko astirik ere ez daukala Eneritzek.

“Ingalaterrako East Midlands-etan Studentforce for Sustainability elkartearekin eskolak eta institutuak ingurugirotzeko proiektu batean parte hartzea aukeratu nuen. Honela ba astean 2-3 egun eskola zein institutu desberdinetan izaten naiz eta bertan eskola eta institutu bakoitzarentzat ingurugiro proiektu ezberdin bat eraikitzen jarduten dut bertako zuzendari, irakasle eta ikasleekin. Batzutan birziklatzeko baliabide bila, bestetan ikasleen iritzia biltzen, energi berriztagarrietarako dirulaguntza bila, eta abar luze luze bat. Ekainaren 5ean Ingurugiroaren Eguna dela eta, azken aldian egun honetarako zenbait ekintza antolatzen ari gara”.

Eta bere egun libreetan ere ez du denbora galtzen:

“Berez Studentforce-ko ofizinak Oakham izeneko herri txikitxo baten daude eta bertan bizi naiz ni beste bi boluntarioekin batera, Bartzelonakoa bata eta suitzarra bestea. Baina suitzar lagun hau aste honetan bere herrirantza bueltan doa ooooo! eta beste boluntario berri bat etorriko da pisura gutxi barru, belgikarra oraingoan iuju! Jende pila ezagutu eta lagun mordo bat egin ditut hilabete hauetan zehar. Baita inguru zoragarri pila ezagutu ere! Gu gauden inguru honetan Ingalaterrako herrixka zahar tipikoak topatzen dira, XVIII. mendeko harrizko etxe, eliza eta palazioak lorategi ikusgarriekin. Hala ere hemendik urrun eta ez hain urrun dauden leku mordoxka ezagutu dugu bertakoekin eta boluntariook gure kasa, xarmangarriak eta turistikoak! Denetik! Eta ezagutuko ditugunak oraindik ere! Nahiz eta sei hilabeteko epea bukatzen ari den egun bakoitza, asteburu bakoitza aprobetxatuz gero gauza pila egin daitezke!”.

Eneritz Ingalaterrako zelaietan