Kirola aitzakia paregabea izan daiteke herri baten kultura eta ohiturak ezagutzeko eta ezagutzen emateko, eta baita gazteen arteko harremanak estutzeko ere.

Hain zuzen ere, bi horiek izan ziren Kultur Volley’07 ekimenaren helburuak. Getxoko Aixerrota Boleibol Kirol Taldeak antolatuta, martxoaren 29tik apirilaren 6ra burutu zen ekimen hau.

Kultura eta kirola uztartu dituen truke honek Gazteak Ekinean egitasmoaren babesa izan du eta, guztira, Holanda, Austria eta Euskadiko 41 neskak hartu dute parte, 15 eta 17 urte bitartekoak.

Truke hau, apirilaren 3an Fadurako (Getxo, Bizkaia) Udal kiroldegian jokatu zen Emakumeen Nazioarteko Boleibol Txapelketaren inguruan antolatu zen. Lau talde lehiatu ziren: Getxoko Aixerrota Boleibol Kirol Taldea (Euskadi), Venray-ko Raayland College (Holanda), Innsbruck-eko Ti-Volley (Austria) eta Gijongo C.V. La Calzada (Asturias).

Kirol arloan, txapelketa asturiarrek irabazi zuten finalean austriarrak 2-0 (25-12 eta 28-26) mendean hartu ondoren. Hirugarren eta laugarren postuetarako norgehiagokan, Aixerrotako neskek holandarrei irabazi zieten 2-0 (27-25 eta 25-19).

Baina txapelketa aurreko egunetan, Holanda, Austria eta Euskadiko neskek elkarrekin bizitzeko, batera entrenatzeko, Bizkaiko toki esanguratsuenak ezagutzeko eta era guztietako jarduerak egiteko aukera izan zuten. Egun ahaztezinak izan ziren partehartzaile guztientzat. Jarraian ikus ditzakezue Kultur Volley’07 ekimenak iraun zituen bederatzi egunen laburpentxo bat irudietan: